Donostiako Zinemaldia

Jose Ramon Soroiz: «Oso harro nago egindako lanaz»

Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak 'Maspalomas' filma aurkeztu dute gaur goizean, Kursaalean. Filmak harrera beroa izan du, eta ia bi minutuko txalo zaparrada eskaini diote ikusleek. Claire Denisek, berriz, 'Le Cri des Gardes' eraman du lehiara.

'Maspalomas' filmeko zuzendari eta aktoreak, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
'Maspalomas' filmeko zuzendari eta aktoreak, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola
Donostia
2025eko irailaren 21a
14:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zinemagileek Maspalomas filma aurkeztu dute gaur, Sail Ofizialean, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartu da lana horrenbestez. Filmak Kursaalean bildu den jendetza hunkitzea lortu du, eta amaierako kredituak hasi diren momentuan bertan ia bi minutuz iraun duen txaloaldi batekin erantzun diote ikusleek. 

Erantzun horrek berak filma aurkezteko prentsaurrekoan izan du segida ondoren, zuzendariak, Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu eta Kandido Uranga aktoreak eta Xabier Berzosa ekoizlea Kursaaleko prentsa aretoan sartu direnean txalo beroekin hartu baitituzte bertan bildutakoek.

Vicente (Jose Ramon Soroiz) da filmeko protagonista, Maspalomasen, Kanaria uharteetan gustuko bizimodua daraman 76 urteko gizonezko homosexuala. Plazera eta gozamena dira haren nahi nagusiak, baina buruko isuri bat izango du, eta horrek Donostiara eramango du bueltan. Han zahar etxe batean hasiko da bizitzen, eta bere burua ezkutatu beharko du. Armairuan sartuko da berriro.

Filmean ugariak dira sexu eszenak, eta Soroizek aitortu du, hori dela-eta ez zitzaiola hasieran erraza egin proiektuan parte hartzeari baiezkoa ematea. «Bi hilabete behar izan nituen erabakia hartzeko. Jose Marik [Goenaga] gidoia pasatu zidan, eta esan zidan eszena intimo batzuk zeudela, baina konponduko genituela. Gidoia irakurri nuen, hunkitu nintzen, eta pentsatu nuen: 'Egin dezaket hau'. Baina beste hori zegoen, eta denbora eskatu nien, ez nuelako argi», azaldu du, umorez. Egun batean pentsatzen zuen baietz, egingo zuela filma, eta hurrengoan, ordea, ezetz. «Egin nahi nuen, baina gorputzak ezetz esaten zidan».

Azkenean, baina, baiezkoa eman zuen Soroizek, jakinda intimitate koordinatzaileekin egingo zuela lan, eta bere burua prestatzeko denbora izango zuela. «Sei hilabetez gogor lan egin nuen, baina oso harro nago nire jarreraz eta nire lanaz. Hustu egin naiz».

Soroizek hamarkadak daramatza antzerkian eta telebistan lan egiten, eta zineman ere izan ditu rol txiki nahiz handiagoak ere. Maspalomas-en, ordea, bera da filmeko protagonista nagusia, filmaren ardatza. «Lanbide honetan daramatzadan 50 urteetan bizi izan ditudan bi hilabete gogor eta zoragarrienak izan dira hauek. Bi gizonezko hauek eta Moriartikoek egin didaten opari bat da».

Filmean Nerea da Nagore Aranburu, 25 urtetan Vicente aitarekin apenas harremanik izan duen alaba. Mina sentitu zuen aitak iraganean beste gizonezko batez maiteminduta zegoela esan zionean. «Min bat du Nereak, baina ez da gaur egungoa. Horregatik, Nerearen pertsonaia prestatzerakoan, ikusten genuen min horrek gaindituta egon behar zuela eta beste nonbaitetik abiatu behar genuela. Orain senide batez arduratu behar du».

Sexua zahartzaroan

Filmaren abiapuntuaz galdetuta, Goenagak azaldu du 2016an Maspalomasen izan zela, eta oso erakargarria egin zitzaiola hango giroa. «Era berean, irakurri nuen LGTBIQ+ kolektiboaren artikuluren bat esaten zuena hainbat pertsona armairura itzultzen zirela zahar etxeetan. Niri asko kostatu zitzaidan armairutik irtetea, eta iruditzen zitzaidan hori azaleratzeko modukoa zela».

Erlazionatuta

Moriarti etxekoen eta Goenagaren beraren lehen lanetako bat 80 egunean izan zen (2011) , 70 urte inguruko bi emakumeren arteko maitasun istorioa kontatzen zuena. Bi filmen artean «paralelismoak» aurkitu arren, Goenagak uste du pelikula ezberdinak direla. «80 egunean maitasun istorio bat da finean. Maspalomas, berriz, psikologikoagoa da, barrura begirakoa».

Hesiaren bi aldeak

Claire Denis zinemagile frantsesak ere ez du lehen aldia Sail Ofizialean. 2018an High Life lanarekin lehiatu zen Donostian, eta Fipresci saria irabazi zuen. Robert Pattinson eta Juliette Binoche espaziontzi batean kokatu zituen zuzendariak zientzia fikziozko lan hartan, batez ere gizakien arteko harremanez eta desirez hitz egiteko. Gai horiek berriro ageri badira ere, bestelakoak ditu ardatzean lehiara aurkeztu berri duen Le Cri des Gardes filmak, kolonialismoa eta indarkeria tartean, eta oso bestelakoa da agertokia ere.

Mendebaldeko Afrikako herrialde zehaztugabe batean girotu du istorio berria zinemagileak. Herri lanen proiektu erraldoi bat gauzatzen ari dira han, hesiz eta gizon armatuz inguratutako eremu batean. Itxitura horren barruan bizi dira Horn obraburua (Matt Dillon) eta Cal ingeniari gaztea (Tom Blyth). Hornekin ezkondu berria den Leone (Mia McKenna-Bruce) bertara iritsi den gau berean, Alboury izeneko gizon bat (Isaach de Bankole) agertuko da itzalen artetik, hesiaren beste aldean. Obran hildako bere anaiaren gorpua entrega diezaiotela, hori baino ez du nahi, eta irmo errepikatuko du lortu artean ez duela alde egingo. Gauak aurrera egin ahala, tentsioak gora egingo du etengabe.

Bernard-Marie Koltes dramaturgoaren Combat de nègre et de chiens (1977) antzezlana du oinarrian filmak, eta obra hori pantaila handira eramateko gogoa «aspalditik, duela 30 urtetik» zuela azaldu du Denisek aurkezpenean. «Isaachi esker, Bernard-Marie ezagutzeko aukera izan nuen, biak oso lagunak baitziren. Chocolat egin genuenean Kamerunera etortzera gonbidatu zuen, eta nire bizitzan sartu zen. Bere antzezlanak ez ezik bera ezagutzea ere gauza askoren hasiera izan zen niretzat». Handik urte batzuetara hil zen Koltes. «Promes bat egin nuen, eta, 30 urteren ondoren, haren antzezlana egokitu dut».

(ID_15340934) ESPAÑA FESTIVAL SAN SEBASTIÁN
Claire Denis (eskuinetik lehena), Isaach de Bankole, Mia McKenna-Bruce etaTom Blythekin, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Jatorrian antzerkia duela nabari du filmak, hala nola agertoki mugatuetan nahiz pertsonaien arteko elkarrizketek duten pisuan. Dillonen eta De Bankoleren pertsonaiek hesiaren bi aldeetara duten solasaldia, esaterako, «murru baten gisan, adreiluz adreilu» eraiki zutela azaldu du. Zailtasun nagusia, halere, argiaren lanketa izan zela aitortu du, kasik osorik gauez grabatu baitzuten. Alde horretatik, Eric Gautier argazki zuzendariaren lana goraipatu du.

Dillon izan ezik —azken orduko aldaketa bat medio, ez da Donostian izan—, filmeko beste aktore nagusiak alboan izan ditu zuzendariak aurkezpenean. Kronologikoki grabatu zituzten eszenak, eta horrek momentuan bertan elkar ezagutzen eta pertsonaiak eraikitzen joatea ahalbidetu ziela adierazi du Tom Blythek: «Claire ez da entseguen oso zalea, eta guretzat mesedegarria izan da hori, gure arteko harremana eszenak interpretatu ahala deskubrituz joan ginelako, pertsonaiei filmean gertatzen zaien moduan». Iritzi berekoa agertu da Mia McKenna-Bruce ere, eta gaineratu du elkarri konfiantza ematea izan zela gakoa. De Bankolek adierazi du opari bat dela Denisekin lan egitea —laugarrenez aritu dira elkarrekin—, eta gehitu du kasu honetan ez zaiola «batere konplikatua» egin bere pertsonaia gorpuztea. «Nire pertsonaiak bere anaiaren gorpua baino ez du eskatzen, eta hori lortu arte ez du bertatik alde egingo. Besteek darabiltzaten jukutria guztiek ez dute eraginik izango».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.