Bizitzari, adiskidetasunari eta batik bat lagunen eta senideen zaintzari buruzko film batekin esango dio agur zinemari Mike Leigh zinemagileak. Zuzendari ingelesaren Tender Loving Care filma iritsi da gaur Sail Ofizialera, baina Leigh bera ez da Donostiara etorri, eta bideokonferentziaz iragarri du hau izango dela bere hondarreko pelikula: «Giharretako arazoak ditut, eta gero eta zailagoa egiten zait film bat egitea. Beraz, elementu praktikoei begiratuta, honek izan beharko du nire azkena».
Leigh ez, baina filmeko aktoreetako hiru izan dira Donostian komunikabideen aurrean eginiko agerraldian: Paul Jesson, Marion Bailey eta Alice Bailey Johnson. Azken hori Rosie da filmean, artatzen dituen pertsonen erresumina jasan behar duen gizarte laguntzailea. Rosieren laguna da Amy (Kate O'Flynn), haurren babeserako zerbitzu publikoan aritzen den gizarte langilea. Bikotekideak uzten duenean, Amy Rosieren etxera joango da bizitzera, baina segituko du adineko gurasoekin ere (Jesson eta Bailey) harreman sendoa izaten.
Filmak lau pertsonaia horien arteko harremanetan sakontzen du batik bat, eta bere aurreko film askotan erakutsi izan duen begirada gizatiarra erakusten du oraingoan ere Leighek, umoreari izkin egin gabe: «Gizateria gizateria da oraindik ere», azaldu du Leighek berak pantailaren bestaldetik: «Garai gogorrak bizitzen ari gara, eta uste dut nahikoa arrazoi badela hori filmean positibotasuna islatzeko. Espero dut filma ez dela hartuko ihes nahi erromantikotzat, errealitatearen ikuspegi gogorra baitu. Baina errukiarekin du zerikusia, zeina beste garai guztietan bezain inportantea den gaur egun».
«Filmak errukiarekin du zerikusia, zeina beste garai guztietan bezain inportantea den gaur egun»
MIKE LEIGHZinemagilea
Aktoreak ere bat etorri dira Leighekin, eta Marion Baileyk, esaterako, adierazi du bete ez diren amets batzuk izan zituela gaztea zenean: «20 urterekin, uste genuen tabuak eta era guztietako errepresioak eraitsiko genituela, eta jendeak bizitza hobea izango zuela etorkizunean. Gazte nintzenean gaur egungo egoera ikusi izan banu, harritu egingo nintzatekeen». Jessonek ere elkarri laguntzearen alde hitz egin du. «Elkar zaindu behar dugu, baita ezezagunak ere. Mundua hain erasokorra denean, diru asko dutenek beren herrialdeak modu bortitzean gobernatzen dituztenean, zaila da kalean dirua eskatzen duen norbaiten aurretik pasatzea. Baina garrantzitsua da begiak ez ixtea, belarriak ez estaltzea».
Rosieren eta Amyren pertsonaiei buruz galdetuta, Bailey Johnsonek azaldu du haiek ez dutela euren burua perfektutzat jotzen: «Badakite ezin dutela egin beren lana nahiko luketen moduan». Alde horretatik, aktoreak esan du hainbat gizarte langilerekin izan dituela harremanak, eta badakiela «oso lan gogorra» dela. «Lan hori ezin du edozeinek egin».
Bere aurreko lanetan bezala, gidoi itxirik gabe lan egin dute zuzendariak eta aktoreek. Leighek azaldu duenez, «gidoia bera inprobisaziotik sortu da, eta inprobisazioak eragin handia du pertsonaien garapenean eta haien arteko harremanetan».Â
Familia loturak
Roberto Bueso zinemagile kataluniarrak (La banda, Llenos de gracia) El mal padre aurkeztu du gaur Sail Ofizialeko lehian, aita baten eta haren hiru seme-alaben arteko harreman gatazkatsua jorratzen duen filma. Santiago (Eduard Fernandez) unibertsitateko katedradun erretiratua da, eta, gaixo dagoela jakiten duenean, aspaldi atzean utzi zituen seme-alabekin elkartu, eta loturak berreraikitzeko erabakia hartuko du. Damian (Francesco Carril), Clara (Meritxell Calvo) eta Alberto (Adam Jezierski) seme-alabak, berriz, jarrera eta ikuspuntu ezberdinekin iritsiko dira Santiagok itsasondoan duen etxera.Â

«Hirurek min handia dute, eta min horretatik hitz egiten dute», adierazi du Buesok, seme-alabek aitarekin duten jarrera azaltzeko orduan. Emaztea eta seme-alabak utzi eta beste emakume batekin joan zen Santiago, eta aitaren absentzia hori «kapitala» izan da haien bizitzetan. «Askotan, gurasoak gehiegitxo zigortzeko joera izaten dugu seme-alabok. Pentsatzen dugu guk hobeto egingo dugula». Horri lotuta, filmak begirada ulerkor bat azaltzen du hala aitari nola haren oinordekoei dagokienez. «Belaunaldi bakoitzak ahal duena egiten du», arrazoitu du Buesok.Â
Filmaren gidoia Buesok berak eta Oscar Diaz Cruzek idatzi dute, eta zuzendariak azaldu du ikusleari aukera eman nahi izan diotela filmaren muinean gordetzen diren istorioak osatzeko. «Justukoa esaten saiatu gara, ikusleak nahi duen eran bete dezan falta dena». Hain zuzen ere, Fernandezek goraipatu egin du gidoiaren osaera: «Oreka zail eta polit bat erakusten du isiluneen eta hitzen artean, umorearen eta tragediaren artean».