Suro (2022) bere opera prima Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu eta lau urtera, jaialdiko lehiara itzuli da Mikel Gurrea zinemagile donostiarra Sants filmaren bidez. Suro-ri esker hainbat sari eskuratu zituen festibalean —Irizar eta Fipresci sariak, baita Euskal Gidoigileen Elkartearena ere—, eta oraingoan ere Urrezko Maskorra lortzeko lehian da zuzendaria. Suro bezala, Gurreak katalanez filmatu du Sants ere.
Bizitza ahal duen moduan eramaten du aurrera Lalik (Victoria Luengo), izan gauez zainzuriak biltzen, izan diru zorroak lapurtzen. Amak (Ariadna Gil) deituko dio oso gaixo dagoela esateko, eta, bere burua nolabait behartuta ikusiko badu ere, hura zaintzera itzuliko da Bartzelonara. Amarekin ospitalean dagoela, hango kaperara joango da amak eskatuta, eta santu baten figura lapurtuko du. Horrela, Rosariorekin (Eulalia Ramos) topo egingo du, elizetan figura erlijiosoak lapurtzen dituen banda bateko buruarekin, hain zuzen ere.
Gurreak azaldu duenez, leku jakin batzuek ematen diote idazteko inspirazioa, eta, Suro egiteko Katalunia iparraldeko basoetara jo zuen bezala, oraingoan Bartzelonako Sants auzoan aurkitu du filmerako behar zuen materiala. «Geltokiaren eta portuaren artean dago Sants, eta oso auzo mundutarra da, elkarte sare oso zabal bat duena, eta betidanik oinarri anarkista bat izan duena. Baina auzoak badu izen oso erlijioso bat ere». Santsen bertan bizi da Gurrea, eta, adierazi duenez, arreta pizten zion auzoko eliza bat beti itxita aurkitzeak: «Eliza itxi bat altxorrez betetako kutxa gotor bat bezalakoa da. Izan ere, lapurtu izan dira elizetako figura erlijiosoak; hori dokumentatuta dago».
Hortik sortu zitzaion arte sakratuaren lapurreten eta gauez tenplu erlijiosoetan sartzen diren lapurren inguruko interesa, eta, dokumentazio lana egiten hasita, Erik Belgikarraren figurarekin topo egin zuen. «Lapurretak debozio handiz deskribatzen zituen, beren erritual propioz. Eta hortik tiraka idatzi nuen Laliren pertsonaia. Banekien lapur bat izango zela». Gurreak gaineratu du erritual horiek piztu zutela, beste ezeren gainetik, bere arreta: «Bereziki interesatzen zitzaidan lapur horiek zer sentitzen duten tenplu batean, isilpean... miresmena ere badago lapurreta horietan. Lapurtu egiten dute, baina errespetuz».
«Errespetu handiz daude filmatuta lapurreten sekuentziak; keinuaren goxotasuna adierazten dute, nolabaiteko debozioa»
MIKEL GURREA Zinemagilea
Hainbat tenplutan egin dituzte filmaketa lanak, eta Gurreak esan du Elizak ez diela oztopo handirik jarri: «Errespetu handiz daude filmatuta lapurreten sekuentziak; keinuaren goxotasuna adierazten dute, nolabaiteko debozioa. Hala azaldu genien, eta eskuzabalak izan ziren».
Victoria Luengok, berriz, azaldu du Lali «inon gelditzen ez dakien pertsona» dela. «Bere amaren heriotzari beldur ikaragarria dio, eta etxera itzultzen da, behartuta. Harreman oso zaila du amarekin, eta amaren figura ordezkatuko duen beste emakume bat aurkitzen du erakunde horretan: Rosario». Pertsonaia lantzeko orduan, bere eremura eramaten saiatu da: «Gustatzen zait jakitea pertsonaiek zer duten nigandik. Dibertitu egiten naiz horrela, eta pentsatzen dut: 'Zer egingo luke Victoriak hor egongo balitz?'». Aktoreak pasadizo bat ere kontatu du pertsonaiara nola hurbildu den adierazteko: «Nik hortz hautsi bat dut, eta Mikeli esan nion dentistara joan eta protesia kenduko nuela. Dirurik edo hortz bat konpontzeko gogorik ez duen norbaitek asko esaten du bere buruaz. Kostatu zitzaidan hortza puskatuko zidan dentista bat lortzea, baina azkenean lortu nuen. Orduan bai, Laliz erditu nintzen», esan du umorez.
Ramosek ere nabarmendu du Rosarioren biografia egina zuela Gurreak: «Asko hitz egin genuen pertsonaiaz, eta nik, elizara joateaz gain, salmoak ere irakurri nituen. Mikelek iragan bat eman zion Rosariori: lekaimea, misiolaria eta azkenik, Elizaz desengainatua».
Iraganaren zama
Nicole Garcia zinemagile frantziarraren 7h 40 ce matin-là filma ere eman dute gaur Sail Ofizialeko lehian. Alice da protagonista (Marion Cotillard), hamabost urte espetxean igaro ondoren, herri txiki batera iritsiko den emakumea. Han, zerbitzari lanetan hasiko da kafetegi batean, eta berehala harremanetan jarriko da Milo gaztearekin, ostatutik gertu dagoen auto tailer bateko langilearekin (Theodore Pellerin). Hasieratik adierazi ez arren, laster jakingo du ikusleak Alice talde iraultzaile bateko kide izan zela gaztetan —Severine zuen izena orduan—, eta seme txikia adopzioan utzi behar izan zuela espetxeratu zutenean.
«Brigada Gorriak eta beste erakunde asko izan ziren garai hartan, eta ni ez nintzen gerturatu haiengana, baina interesgarria egiten zitzaidan mundu horretan mugitu den eta ama den emakume bat marraztea»
NICOLE GARCIAÂ Zinemagilea
Garciak hogei urte pasa zituen 68ko maiatzean, eta ondo ezagutu zituen haren ondoren Europan sortu ziren mugimendu iraultzailea armatuak: «Brigada Gorriak eta beste erakunde asko izan ziren garai hartan, eta ni ez nintzen gerturatu haiengana, ezker moderatuago batean bainengoen, baina interesgarria egiten zitzaidan mundu horretan mugitu den eta ama den emakume bat marraztea».
Aliceren iraganaz hitz egitean, Garciak azpimarratu du berak ez duela borroka iraultzaile armatua aukeratu zutenen jarrera epaitu nahi: «Pertsona horiek muturrera jo zuten justizia soziala lortu nahian. Orain esan dezakegu ilusio hutsa zela hura edo arrazoia zutela, baina konpromisoa zuten. Zinemagile gisa, gogoa daukat pertsonaia horiei begiratzeko».