Donostiako 74. Zinemaldia

Zinemaldiko Nest sailean nazioarteko ikasleen hamalau film labur lehiatuko dira

Inoizko proposamen gehien jaso dute: guztira 503, baina horietatik hamalau ariko dira Nest saria irabazteko lehian. Familiarteko harremanak, lotura afektiboak, memoria, gizarteratzea eta indarkeria matxista izango dituzte hizpide, besteak beste.

Zorah Berghammerren 'A. will raus (Über neutralität)' / 'A. Wants Out (On Neutrality)' film laburra. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Zorah Berghammerren 'A. will raus (Über neutralität)' / 'A. Wants Out (On Neutrality)' film laburra. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Odile Bourguignon Goñi
2026ko abuztuaren 27a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izen handiko aktore eta zuzendari ospetsuak etortzen dira Donostiako Zinemaldira, baina baita itzalpean gelditu ohi diren beste hainbat ere. Ikasleak, esaterako. Hain zuzen, jaialdia nazioarteko zinema ikasleen topaleku izango da, beste urte batez, irailaren 21etik 25era bitarte. Nest sailak mundu osoko zinema eskoletako lanak biltzen ditu, han eta hemen «hizkuntza zinematografikoa nola lantzen den testatzeko», eta proiektuak zabaltzen laguntzeko. Aurtengoa 25. aldia izango da, eta inoiz baino proposamen gehiago jaso dituzte: guztira, 61 herrialdetako eta 232 eskolatako 503 film labur. Edonola ere, horietatik hamalau film izango dira Tabakalera Zine eta Ikus-entzunezko Laborategia-Nest saria irabazteko hautagaiak.

Askotariko gaiak landuko dituzte: gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, lotura afektiboak eta horien eraginak; oroimenaren eta ahanzturaren edo tradizioaren eta aurrerabidearen arteko dualtasuna; desioa eta identitatea, gizarteratzea eta indarkeria matxista... Horiek denak, askotariko formatuetan: saiakera gisako lanak izango dira, fikziozkoak, eta baita ez-fikziozkoak ere. Herrialde hauetakoak dira hautaturiko lanak: Alemania, Austria, Danimarka, Dominikar Errepublika, Erresuma Batua, Espainia, Indonesia, Japonia, Mexiko, Polonia, Portugal, Suitza eta Txina.

Gailentzen den film laburraren zuzendariak 10.000 euroko saria jasoko du, baina denek ala denek izango dute aukera bost egunez zinemagileen elkarrizketetara joateko eta industriako profesionalekin elkartzeko. Zinemaldiak azaldu duenez, gazte askorentzat «ibilbidearen abiapuntua» izaten da Nest saila, eta,  sortu zenez geroztik, 2002az geroztik alegia, hainbat izan dira gerora Donostian eta nazioarteko beste jaialdietan beren lanak aurkeztu dituztenak. Zinemaldiaren aurtengo aldian ere, ibilbide horren adibide izango dira zinemagile batzuk; besteak beste, Javier Ruiz Calderak 5 minutos más / 5 more minutes filma aurkeztuko du Sail Ofizialean, eta, hain zuzen, zuzendaria Nest sailaren lehen edizioan parte harturikoa da Treitum film laburrarekin. Horrenbestez, Zinemaldiak adierazi bezala, Nest saila «etorkizuneko leiho bat» da. 

Hauxek dira hautaturiko hamalau film laburrak: Zorah Berghammerren A. will raus (Über neutralität)' / 'A. Wants Out (On Neutrality); Maria Vaughanen Bingo Night; Maarij Rekaren Dihapus dari peta / Erased from the Map; Marco Lawsonen Familie / Family; Camila Encarnacionen Gislaine; Hiromi Tanoueren Home; Jonathan Schalleren Jährlinge / Yearlings; Karla Condado Romeroren Miriam, Julia Coldwell Serraren Ningú borda / Nobody Barks (Nadie ladra); Clara Vieiraren Onde nascem os pirilampos / Where Fireflies Sparkle, Zhongyao Xieren Rise of the Dawn Phoenix; Anne-Sofie Lindgaarden Small One, Micha Strauben Talion, eta Angelika Cygalen Zza szyby podglądam, jak umiera sarna, młoda / Dying of the Young Deer.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA