Bihar jarriko dituzte salgai Donostiako 59. Zinemaldiko sarrerak, goizeko bederatzietatik aurrera. Zinemaldi Plazako leihatiletan (Kursaaleko beheko solairuan), Kursaal zentroko leihatiletan (sail ofizialeko bonuak edo gutxienez hamar sarrera erosteko) eta Telekutxa zein Internet bidez (www.sansebastianfestival.com eta www.kutxa.net helbideetan) eskuratu ahalko dira.
Viktoria Eugenia antzokian, Antzoki Zaharrean eta Principe zinemetan ere jarriko dituzte salgai, hilaren 16tik aurrera, eta baita Antiguo Berri zineman ere, hilaren 17tik aurrera. Belodromoko emanaldietarako sarrerak bertako leihatiletan egongo dira eskuragarri, saioak hasi baino bi ordu lehenago. Kasu guztietan, pertsona bakoitzak gehienez ere lau sarrera erosi ahalko ditu emanaldi bakoitzeko.
Sarrera bakoitzak 6,30 euroko prezioa izango du, eta aldi berean hamar erosten dituenak %20ko deskontua izango du. Gaztekutxako txartela duten gazteentzat ere hainbat deskontu jarri dituzte martxan; besteak beste, euskarazko azpidatziak dituzten filmentzako sarrerak euro bakarraren truke erosi ahalko dituzte. Emanaldi guztien berri jasotzen duen Eskuko Gida 1,20 euroan erosi ahalko da bihartik aurrera, Kursaal eta Okendo plazako informazio guneetan bihartik aurreta, eta Gipuzkoako kiosko nagusietan asteartetik aurrera.
Culinary Zinema zikloko sarrerak ere bihartik egongo dira eskuragarri leku beretan. Gastronomiari lotutako zazpi lan erakutsiko dira, eta bakoitzaren ondoren Gipuzkoako sukaldari batek afari tematikoa prestatuko du, ikusitako filmarekin lotuta. Sarrerak eta jatetxeko erreserbak bakoitza bere aldetik hartu beharko dira.
Zinemaldiko sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, 09:00etan
Txartel arrunta 6,30 euroan egongo da eskuragarri, eta, hamar erosiz gero, %20ko deskontua egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu