Zinemaren eta gastronomiaren arteko loturan sakonduko dute Zinemaldian

Culinary Zinema saila antolatu dute bigarren urtez, eta filmen ostean afari tematikoak izango dira hainbat jatetxetan

Culinary Zinema saileko antolatzaileak, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariarekin. juan Carlos Ruiz / arp JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Lehendabizi, filma ikusi, eta, segidan, filmarekin lotura duen afari batera joan. Bigarren urtez eskainiko du aukera hori Donostiako Zinemaldiak Culinary Zinema sailaren barnean, Basque Culinary Centerrekin (BCC) eta Berlingo zinema jaialdiarekin elkarlanean. Iazko arrakastari erreparatuta, aurten zazpi film luze eta labur bat programatu dituzte, guztiak ere gastronomiarekin zerikusia dutenak. Halaber, afari bakoitza ere gai jakin baten ingurukoa izango da, Donostiako jatetxerik ezagunenetan. «Zer aproposagorik, metro karratuko Michelin izar gehien dagoen lekuan», esan du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaksailaren aurkezpenean.

Irailaren 22tik 28ra bitarte, zazpi filmen estreinaldia eta zazpi afaritara joateko aukera izango da; egun bakoitzeko, bat. Daniel Cohenen Comme un chef filmarekin hasiko da zikloa, adin guztietako jendearentzako komedia frantsesarekin. Ondoren, Xarma jatetxean afaltzeko aukera izango da, Aizpea Oiheneder, Xabi Diez eta Roberto Ruiz sukaldarien eskutik. Entre les bras izango da bigarren eguneko filma, Paul Lacoste frantsesarena, eta sukaldari familia bateko hiru belaunaldiren arteko istorioa kontatzen du. Oturuntza, berriz, Ni Neu jatetxean izango da, Mikel Gallok prestatuta. Uliako begiratokiko sukaldean aritzen da Ruben Trincado, eta hari lagunduko dio Bruno Oteizak irailaren 24an, Blanca Aguerreren Lupe el de la vaca filma ikusi ostean ahoratu beharrekoa prestatzen. Hurrena, James Nutt ingelesaren Jerusalem on a plate ikusi ahalko da, eta, segidan, euskal, israeldar eta palestinar jakiak nahasirik jateko aukera, Josean Eizmendiren Illarran. Biharamunean, Christian Vincenten Les saveurs du palais-en emanaldiaren ondoren, Iñigo Lavadoren Irungo jatetxean izango da afaria. Gabriel Axelen Babettes gaestebud da sailean estreinatuko ez duten film bakarra; areago, jada klasiko bat bihurtuta dago. Isaak Dinesen idazlearen eleberrian oinarritutako istorio bat da, eta Stephane Audran da protagonista.Danimarkako herrixka urrun batean, non puritanismoa den nagusi, bi ahizpa ezkongabek aspaldiko gaztaroa ekarriko dute gogora, nostalgiaz, bai eta poztasuna zazpuztu zien hezkuntza zurruna ere. Halako batean, Babette agertuko da Paristik, eta bien bizitza aldatuko du. Zinema gastronomikoaren oinarrietako bat berreskuratu nahi izan dute antolatzaileek, eta filmaren osteko jatekoa Aquariumgo Bokadon antolatu dute, Mikel Santamaria sukaldariaren jakiak dastatze aldera. Azken egunean, berriz, pare bat pelikula emango dituzte: Jesus M. Santosen Perú sabe: la cocina, arma social batetik, eta Felipe Ugarteren Kitchen Dreams laburra, bestetik. Jarraian, BBCren egoitzan emango diote zikloari itxiera, Madrilgo Nikkei 225 jatetxeko Luis Arevalok prestatutako jaki perutar eta japoniarrekin.

Afaritarako sarrerak BCCren web orrian eskura daitezke—www.bculinary.com—, 50 eurotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.