Donostiako 73. Zinemaldia

Zinemaren eta musikaren arteko fusioa Belodromoan

Euskadiko Orkestrak ordu eta laurdeneko kontzertu-proiekzioa egingo du, beste urte batez, Donostiako Zinemaldian. Easo abesbatzak lehenengo aldiz parte hartuko du emanaldian. Jaialdiaren lehen larunbatean izango da saioa, hilaren 20an.

Jose Luis Rebordinos, Gorka Miranda, Roberto Ugarte, Fran Lasuen eta Juan Jose Ocon, gaur, kontzertu-proiekzioaren aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jose Luis Rebordinos, Gorka Miranda, Roberto Ugarte, Fran Lasuen eta Juan Jose Ocon, gaur, kontzertu-proiekzioaren aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Donostia
2025eko irailaren 10a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hastear da Donostiako 73. Zinemaldia, eta, jaialdiaren barruan, jada klasiko bihurtu den kontzertu-proiekzioa egingo du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Belodromoan. Donostiarrek «gogotsu» itxaroten dutela adierazi du Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak: «Guretzat, Zinemaldiko ekitaldirik politenetako bat da, eta hala da donostiarrentzat ere. Jendeak azkenaldian asko galdetu dit ea aurten Belodromoko kontzertua egingo ote den». Soinu banden interpretazio sinfonikoa eta filmetako eszenen muntaketa elkartzen ditu ikuskizunak, ordu eta laurdenez. Zinemaldiko lehen larunbatean izango da —irailaren 20an—, 18:00etan. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena irailaren 13tik 19ra jaso beharko da.

Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Orkestrak eta SGAE Fundazioak antolatu dute emanaldia, eta, aurten lehenengo aldiz, Easo abesbatzak bat egingo du orkestrarekin. Abesbatzako zuzendari Gorka Mirandak adierazi du zinema eta musika batzea «oso aberasgarria» dela: «Aspalditik nuen buruan proiektu hau, eta formatu oso polita dela iruditu izan zait beti». Abesbatzak, hurrenez hurren, soinu banda hauen interpretazioan parte hartuko du: Dragonkeeper, La casa de papel, Parecido a un asesinato eta El capitĂ¡n Trueno y el Santo Grial.

Kontzertu-proiekzioak hainbat motatako ikus-entzunezko lanetarako idatzitako eta egokitutako zazpi lan bilduko ditu. Honako hau da filmen zerrenda: Antonio Romanen La florecilla domada, Antonio del Amoren El ruiseñor de las cumbres, Jose Maria Forqueren El secreto de MĂ³nica, Mel Ferreren Cabriola, Rafael J. Salviaren Las chicas de la Cruz Roja, Miguel Angel Lamataren Los futbolĂ­simos 2, Iciar Bollainen La boda de Rosa, Li Jianpingen eta Salvador Simoren Dragonkeeper, Jesus Colmenarren La casa de papel, Antonio Hernandezen Parecido a un asesinato eta Antonio Hernandezen El capitĂ¡n Trueno y el Santo Grial. Film horien soinu banden konpositoreak, berriz, honako hauek dira: Augusto Alguero, Alba S. Torremocha, Vanessa Garde, Arturo Cardelus, Ivan Martinez Lacamara, Luis Ivars, Blanca Paloma, JP. Polo eta Luis Ivars.

«Guretzat, Zinemaldiko ekitaldirik politenetako bat da, eta hala da donostiarrentzat ere»

JOSE LUIS REBORDINOS Zinemaldiko zuzendaria

Juan Jose Ocon zuzendari donostiarra arduratuko da orkestra zuzentzeaz, eta adierazi du sinkronizatzeko «zailtasun handia» duela proiektuak: «Bideoek iraupen jakin bat dute, eta sinfonia sortzerako garaian oso zaila da iraupen horretara egokitzea. Ezin dugu iraupen hori gainditu, horregatik da zaila. Pelikula da gure metronomoa». Gainera, bertaratuko den jendeak aukera izango du konpositoreak ezagutzeko, eta horrek duen garrantzia azaldu du: «Beste jende mota batek ikusiko gaitu larunbatean, eta hori oso interesgarria da; izan ere, askotan, Maria Cristina kanpoaldean itxaroten dugu aktore ezagunak ikusteko, baina konpositoreen zain ez da inor egoten».

Fran Lasuenek, SGAE Euskadiko Lurralde Batzarraren presidenteak, argi utzi du musikari lana ez dela eszenatokiko lana bakarrik, eta konpositoreek duten garrantzia goraipatu du. Horrez gain, azpimarratu du arteak errealitateari lotuta egon behar duela: «Pentsatzen badugu artea dela mundua, planeta edo bizimodua interpretatzeko edo ezagutzeko bide bat, argi utzi behar da artea ezin daitekeela errealitatetik urrundu». Bestalde, Roberto Ugarte Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusiak azaldu du 70 soinu banda baino gehiago interpretatu eta ikusarazi dituztela, eta horretaz «oso harro» daudela: «Zinemaldiko klasikoetako bat da, eta bazkide onenak ditugu alboan».

«Bideoek iraupen jakin bat dute, eta sinfonia sortzean ezin dugu iraupen hori gainditu. Pelikula da gure metronomoa»JUAN JOSE OCON Orkestra zuzendaria

Aurreko urteetan bezala, filmetako eszena muntaketa batekin uztartuko dute musika. Morgancrea taldeak espresuki larunbateko kontzerturako sortu ditu ikus-entzunezkoak, eta laurehun metro karratuko pantailan proiektatuko dituzte.

Ekitaldirako gonbidapenak bi gunetan egongo dira eskuragarri, datorren ostiraletik kontzertuaren bezperako egunera arte: Kursaaleko informazio puntuan, 09:00etatik 20:00etara; eta Bulebarreko Donostia Turismoaren bulegoan, astelehenetik larunbatera 09:00etatik 20:00etara, eta igandean 10:00etatik 14:00etara. Hala ere, sarrerak sobran egonez gero, kontzertuaren egunean bertan Belodromoko leihatilan eskuratu ahal izango dira, 10:00etatik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.