Morea, zuria, horia eta urdina. Dan Flavin artista garaikideak (New York, AEB, 1933-1996) argi fluoreszente koloretsuekin jolasten zuen artelanak sortzeko, eta, hala, haren obrek askotariko kolorez tindatzen zituzten eremuak. Hain justu, kolore berdeak hartu ditu Bilboko Guggenheim museoko paretak. Lauren Hinkson komisarioaren begiradapean eta Iberdrolaren laguntzarekin, museoak Dan Flavin: Argi apur bat erakusketa inauguratu du. Artistak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan ondutako lanak bildu dituzte, eta 2027ko apirilaren 4ra arte egongo dira ikusgai.
Flavinek izkin egin zion XX. mende erdialdean AEBetan nagusi zen arte ereduari. Ohiko korronteari jarraitu ordez, orduantxe sortzen ari zen mugimendu bati jarraitu zion: korronte minimalistari. «Minimalismoaren eta Bigarren Mundu Gerraren ondorengo artearen funtsezko artista izan zen. Lehenetarikoa izan zen artea egiteko argia erabiltzen», azaldu du Miren Arzalluz museoko zuzendariak.
Flavinek markoak alboratu, eta industrialdeak eta etxeak argiztatzeko saltzen diren lanpara fluoreszenteak baliatu zituen artea egiteko. «Edonork eskuratu ditzakeen materialak erabili zituen. Garai bereko beste artista batzuekin batera, haustura ekarri zuen», nabarmendu du Hinkson komisarioak.Â
Artistak 1963tik 1976ra bitartean egindako 24 artelan biltzen ditu erakusketak, eta kronologikoki antolatuta dago. Artelan horien artean dago bere lehenetariko obra, Berdeak berdeak gurutzatzen (1966), baita Argi artifizial fluoreszente urdin, gorri eta urdineko hesia (1968) ere. Halaber, New Yorkeko etxe orratz altuenak irudikatzeko egindako zazpi obrak ere ikusgai daude erakusketan.
Museoko zuzendariaren hitzetan, «argi-itzalen arteko jolas liluragarria» eskaintzen dute Flavinen lanek, eta aretoko perspektiba eraldatzen dute: «Fluoreszenteen argiek bat egiten dute argi naturalarekin, eta, hartara, argia aldatuz joan ahala, erakusketa bera eraldatuz doa egunean zehar».Â
Erakusketa datozen hiru hilabeteetan egongo da ikusgai. Epe hori da, hain zuzen, argiek irauten duten denbora. Komisarioak azaldu duenez, argiek 2.100 ordu inguruko iraupena dute, eta beraz, ia hiru hilabete egongo dira itzali gabe. Zera esan du komisarioak, artistaren hitzak gogora ekarrita: «Ez dugu etiketarik behar. Jendeak ikusten badu bere inguruabarrak hobetzen direla hasieran sentitutakoarekin alderatuta, hori ja ezin hobea da. Flavinen hitzetan, monumentu batek ez du betiko iraun behar, piztu besterik ez da egin behar».Â