Literatura

Mundu ziurgabe baten zama, literatura ilustratura eramanda

Irati Retolaza marrazkilariak eta Itziar Otegi idazleak 'Izarren hautsaren erabilera berriak' ilustrazio liburua kaleratu dute Alberdania argitaletxearekin. Fikzioaren eta saiakeraren arteko «testu anitza» da.

Irati Retolaza marrazkilaria eta Itziar Otegi idazlea, 'Izarren hautsaren erabilera berriak' liburua eskuetan, Donostian. JON URBE / FOKU
Irati Retolaza marrazkilaria eta Itziar Otegi idazlea, 'Izarren hautsaren erabilera berriak' liburua eskuetan, Donostian. JON URBE / FOKU
Donostia
2026ko azaroaren 8a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arkatzez egindako ilustrazio batek apaintzen du liburuaren azala. Gorantz egiten duten lau esku; nonbaitetik irten nahiko balute bezala, edo nonbaitetik ihes egin nahiko balute bezala. Liburuaren barrenean beste ilustrazio bat dago, hori ere arkatzez egina. Hondo beltzaren gainean marrazturiko marko zuri bat, eta haren barrenean lau silueta, markotik irteten saiatzen. Hurrengo orrialdean, berriz, igogailu batean harrapatuta geratzen diren lau gazteren elkarrizketa, idatzian. 

Itziar Otegi idazleak Irati Retolaza marrazkilariarekin elkarlanean sortutako Izarren hautsaren erabilera berriak ilustrazio liburuan hitzak eta ilustrazioak bat dira; bata bestearen euskarri. Fikziozko istorio batekin hasten da liburua, baina ez da eleberri ohikoa. Anitza da, fikzioa, saiakera eta idazle esanguratsuen artikuluak biltzen baititu. Alberdania argitaletxearekin plazaratu dute, eta Anjel Lertxundik egin du hitzaurrea.

«Gaur egun badago halako ziurgabetasun handi bat airean, eta inork ez daki zer norabide hartuko duen. Hori izan da kezka nagusia lana ontzerakoan: inolako erreferentzia ziurrik ez duen mundu honetan nola nabigatu gazte zarenean»

ITZIAR OTEGIIdazlea

Txiste baten abiapuntua izan liteke liburuaren hasiera: elkarren artean ezezagunak diren irudigile bat, ikertzaile bat, itzultzaile bat eta oposiziogile bat etxe orratz bateko igogailuan harrapatuta geratuko dira, kanpoan gertatuko den itzalaldi bat dela eta. Istorioak, baina, gutxi du komediatik, eta gehiago thriller sozialetik. Kanpoan kaosa nagusitzen den bitartean, igogailuaren barruan denbora geratu egingo da, eta protagonistek egunerokoan jasaten dituzten presioen eta zamen inguruan hausnartuko dute. Halako batean, ordea, zalantza bat otuko zaie: izarren hautsaren inguruko kezka. Une horretan kiribiltzen da saiakera fikzioarekin, izarren hautsari buruzko informazioak hartuko baitu protagonismoa hurrengo orrietan.

Pertsonaien ezinegonetatik abiatuta, liburuak ezbaian jartzen du ea gizakiaren akatsak ez ote diren, ahultasuna izan beharrean, erresistentzia. «Gaur egun badago halako ziurgabetasun handi bat airean, eta inork ez daki zer norabide hartuko duen. Hori izan da kezka nagusia lana ontzerakoan: inolako erreferentzia ziurrik ez duen mundu honetan nola nabigatu gazte zarenean», azaldu du Otegi idazleak.

«Deskubrimendu bidaia bat»

«Euskaraz idazten den horretatik oso liburu desberdina da. Oso proposamen ausarta da», azpimarratu du Aritz Galarraga Alberdania argitaletxeko editoreak. Azaldu duenez, aspaldidanik ezagutzen eta miresten zuen Otegik itzulpengintzan eta narrazioan egindako lana, baina orain arte ez du izan harekin lan egiteko aukera. Gerora iritsi zen Retolazaren partaidetza. «Oso aberasgarria izan da testuak eta irudiak nola landu eta garatu diren ikustea», eskertu die editoreak bi egileei.

Otegik eta Retolazak orain lau urte ezagutu zuten elkar, Mazoka marrazki azokan. Otegik gogoratu du txundituta geratu zela bilbotarraren irudiekin: «Haren marrazkiek badute halako gordintasun bat poetikotasunaren barruan». Noizbait elkarrekin lan egin behar zutela pentsatu zuen, eta aukera hori 2024an iritsi zen. Sortzaileen hitzetan, «organikoki eta su txikian» egin dute proiektua. «Niretzat deskubrimendu bidaia bat izan da; hara-hona ibili naiz gauzak jasotzen, eta gustatuko litzaidake irakurlearentzat ere deskubrimendu bidaia bat izatea», adierazi du Otegik.

Harremana idazleekin

Retolaza marrazkilaria da ofizioz, ez ilustratzailea; beraz, lehen aldia du «testu baten menpe» sortzen, eta aitortu du hasieran «beldurrez» hartu zuela eskaintza. Ilustrazioak arkatzez egin ditu, egokiena iruditu zitzaiolako. «Arkatzarekin zaila da gezurra esatea, markak uzten baititu. Pentsamendua oso ondo islatzen dugu arkatzaren bitartez», azaldu du. Irudiekin gizakiaren eta makinaren arteko dikotomian sakondu nahi izan du, eta, horretarako, Juan Carlos Egillor eta Jesus Lucas Erro ilustratzaileen lanetan inspiratu da.

«Arkatzarekin zaila da gezurra esatea, markak uzten baititu. Pentsamendua oso ondo islatzen dugu arkatzaren bitartez»

IRATI RETOLAZAMarrazkilaria

«Testu anitza» da, Otegiren eta Galarraga editorearen esanetan, normalean batera agertzen ez diren testuak bateratu dituztelako; adibidez, narrazioa, testu zientifikoak eta blogetako artikuluak. «Bizitzaren konplexutasuna azaltzeko, alor guztiak dira beharrezkoak», esan du idazleak. Alde horretatik, testu zientifikoetan lez, bertako eta nazioarteko idazleekin jarri dira harremanetan haien aipuak erabili ahal izateko; adibidez, Sara Mesarekin, Remedios Zafrarekin eta Markos Zapiainekin. Hala, «egileen arteko komunitate bat» dagoela sentitu dute liburuaren bi egileek, eta eskertuta agertu dira horren parte sentitu ahal izan direlako.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA