Donostiako 87. Musika Hamabostaldia

'Zomozorroak': orkestra bat, ikusleak, dantza eta zomorroak batuko dituen gaztetxoentzako ikuskizuna

Easo abesbatzak eta Donostiako Musika Hamabostaldiak pedagogia egiteko baliatuko dute musika, ostiralean, Tabakaleran. 'Zomozorroak' ikuskizuna ondu dute, 8 urtetik gorakoentzako da, eta Marta Garciak idatzi du libretoa.

'Zomozorroak' gaztetxoentzako ikuskizunaren aurkezpena, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
'Zomozorroak' gaztetxoentzako ikuskizunaren aurkezpena, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko abuztuaren 5a
15:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maitagarrien ipuin batetik irten izan balira bezala agertu dira Zomozorroak ikuskizuneko hiru protagonistak, loreak eta antenak buru gainean. Baina jende artean hanka puntetan zebiltzala, ezbaian jarri dute zomorroak izatez zeintzuk ote diren: bizkarrean hegoak dituzten horiek, ala haiei begira zur eta lur dagoen jende multzoa.

Hiru kontalari horien eskutik egingo du publikoak Zomozorroak kontzertu pedagogikoaren bidaia. 11 urteko neska bat da horietako bat, eta «jakin-mina, freskotasuna eta aurkikuntzaren perspektiba» emango ditu. Beste bat, berriz, 18 urteko neska gaztea, eta «haurren inozentzia» eta «heldutasuna» lotuko ditu. Azkenik, gizon heldu bat ere bada protagonistetako bat, eta istorioari «jakinduria, esperientzia eta sakonera narratiboa» erantsiko dizkio. Emanaldia 8 urtetik gorakoentzat da, eta Easo Abesbatzak eta Donostiako Musika Hamabostaldiak ekoitzi dute elkarlanean. Abuztuaren 7an ikusi ahal izango da, estreinakoz, Tabakalerako Patio aretoan, eta sarrerak Quincenamusical.eus webgunean eros daitezke, baita Kursaal eta Viktoria Eugenia antzokietako leihatiletan ere. 

Hortaz, zein da zomorro? Eta zer mozorro? Marta Garcia Easo abesbatzako kideak kontatu du, kontzertuak entzutera joan ohi denean, orkestra kideei intsektu forma hartzen diela: «Denak beltzez jantzita sartzen dira, inurriak balira bezala. Eta, ez badute instrumentua eskuan, ezin izaten ditugu bereizi». Garciak idatzi du emanaldirako libretoa, eta, hain zuzen, inurriez osaturiko orkestraren irudi horretatik abiatuta otu zitzaion zomorroen eta mozorroen arteko paralelismoa, izatez «jantzi beltz hori mozorro bat» delako musikarientzat. «Uniformetasun hori beharrezkoa da orkestra batean; hain zuzen ere, talde bat direlako eta talde gisa identifikatu behar direlako. Baina, aldi berean, bakoitzak badu bere izaera eta bere berezitasuna», azaldu du Garciak. 

«Musika emanaldi guztietan egon ohi da orkestra, baina eszenatokitik kanpo. Guk integratu egin dugu»

IÑIGO SANTACANA Eszena zuzendaria

Eta, irudi horrez gain, kontzeptu bat ere aipatu du Zomozorroak obra sortzeko zimendu gisa: «Normalean, orkestrako kideei bere instrumentuagatik deitzen zaie, ez haien izenagatik: 'Zu nor zara?' 'Ni biolina naiz'. Eta ez, ez zara biolina, Manuel edo Maite zara. Instrumentuaren eta pertsonaren identifikazio hori oso interesgarria iruditu izan zait, eta horrekin jolasean aritu gara obran». Bada, irudi eta kontzeptu horiek mahai gainean, helburu argi bat izan dute emanaldia sortzeko garaian: orkestra ikusgai egitea. 

Eszenatoki panoramikoa

Orkestra, beraz, erdigunean egongo da; «ikuslearen maila berean, bai fisikoki, bai bisualki eta kontzeptualki». Iñigo Santacana Zomozorroak ikuskizunaren eszena zuzendariak azaldu du erronka bat izan dela emanaldia hala antolatzea, baina horretarako prest agertu dela lantalde osoa: «Bizitzan edo halako emanaldietan bertan itzalpean egon ohi diren horietan arreta jartzearen aldekoa naiz. Adibidez, musika emanaldi guztietan egon ohi da orkestra, baina eszenatokitik kanpo. Guk integratu egin dugu». Orkestrarako zatiak, Lucia Arzallusen musika zuzendaritzapean, Easo abesbatzaren Easo Sinfonietta orkestra ez-profesionalak interpretatuko ditu, eta ahotsetarako atalak, berriz, David de Oliveiraren zuzendaritzapean, Easo abesbatzak. Hauexek izango dira hiru bakarlariak: Martina Markuleta (tiplea), Larraitz Otamendi (sopranoa) eta De Oliveira bera (tenorra). 

Aldi berean, publikoa ere integratuta egongo da musikari, dantzari eta zomorro artean. Hala azaldu du Santacanak: «Gustuko ditut publikoa bere ohiko lekutik kanpo kokatzen dituzten emanaldiak. Eta gustatzen zait ikustea nola ikuslea leku desberdinetan esertzean, nolabait, proposamen eszenikoan integratzen den». Horregatik, Tabakalerako Patio aretoaren ezaugarriak baliatu dituzte ikuskizunak 360 graduko perspektiba izan dezan. Eta horren guztiaren erdian, Iker Murillo Studio 24 dantza eskolako talde txiki bat ariko da dantzan, musikari «dimentsio koreografikoa» ematen. 

Musika, pedagogiarako

Haur, gazte eta familientzat sorturiko emanaldia izaki, helburu pedagogikoak ere baditu Zomozorroak ikuskizunak. Horra hor antolatzaileek zehaztutako helburuetako lau: «Narratibaren bidez musika klasikorako sarbidea erraztea, instrumentuak eta horien soinu ezaugarriak identifikatzen irakastea, haur eta gazteengan musikaren inguruko jakin-mina piztea eta musika, narratiba eta ikus-elementuak uztartuko dituen esperientziak sortu eta entzute aktiboa eta irudimena sustatzea». 

Eta Hamabostaldiak haurrentzat antolaturiko jarduera guztien antzera, Zomozorroak ikuskizunak ere Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa jaso du. Hain zuzen, Xabier Ezeizabarrena batzarkideak aipatu du, Hamabostaldiak antolatzen dituen emanaldi guztien artean, gaztetxoentzako direnak «ederrenetarikoak» izan daitezkeela: «Gure gizarte zail honetako zaratatik ihes eginaraztea lortzen du, baita gaztetxoei —eta helduei— musikaren bidez pentsaraztea ere».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA