Kritika. Artea

Zoroak, maitariak eta poetak

Eremuak programaren barruan antolatutako erakusketa kolektiboaren irudi bat. RAUL BOGAJO / FOKU
Eremuak programaren barruan antolatutako erakusketa kolektiboaren irudi bat. RAUL BOGAJO / FOKU
2026ko azaroaren 17a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Traen con ellos el olor de la bergamota y el cedro. Hamabost urte eta gero hau'

Teseuren jauregian, Atenasen, Teseuri mintzatzen zaio Ipoline eta zera diotso: «Bakana da gero, Teseu nirea, maitari horiek diotena». Teseuk, hari erantzunez, zoroaren, maitalearen eta poetaren tokia imajinazioarena dela esaten dio: «Zoroa, maitaria eta olerkaria irudimen hutsa dira». Hori horrela, adimenak ikus dezakeenaz haraindi ikusteko gai dira. Modu horretan, olerkariak izena eman diezaioke izenik ez duen horri: «Irudimenak izaki ezezagunen antza sortzen duelarik, olerkariaren idazlumak antzaldatzen ditu eta haizezko ezerez horiei egoitza eta izen bat ematen dizkie».

Uda gau bateko ametsa antzezlanaren zati bat da goian aipatutakoa. Obra hau oinarri duen performance batek eman zien irekiera Eremuak programak (euskal testuinguruko arte garaikidearen programa irekiak) antolatutako jardunaldiei eta Traen con ellos el olor de la bergamota y el cedro. Hamabost urte eta gero hau erakusketaren inaugurazioari. Performanceak Ermi, Lisander, Elene, Demetir, Titania, Oberon, Puck eta Ilargi-argi ditu protagonista, eta maitasun eta magia istorio bat kontatzen du. Shakespeareren obra abiapuntu hartuta, hunkituta utzi gintuen performance bat eraiki zuten erakusketako partaideek: hasieran erakusketari buruzko mahai inguru bat zirudiena maitasun istorio bilakatu zen, eta seriotasun osoz hartu genuen horrek umore zantzuak ere hartu zituen amaiera aldera.

Erakusketa hau Eremuak-ek antolatutako laugarren mostra kolektiboa da eta haren egoitza den Guata Kultur Fabrikan kokatzen da, Arangurenen (Bizkaia). Deialdi ireki baten bitartez hautatu zituzten Ece Powell, Irune Merino, Izar Okariz, Iker Abaskal, Samuel Martin Schick, Stefano Santa Maria, Izai Rodriguez eta Flx. Javier Larreina Morales artisten piezek osatzen dute erakusketa. Artistok lau hilabetez egon dira Guatan bertan lanean, muntaketak iraun dituen lau hilabeteetan. Denbora horren zantzuak ditu erakusketak bai artistek fabrikarekin berarekin eraikitzea lortu duten harremanean bai eta erakusketaren barne logikan ere. Izan ere, muntaketari edo espazioari egindako erreferentziak etengabeak dira: bideoetan, soinu instalazioan, erabilitako materialetan… Muntaketa antolatzeko asanbladak egin dituzte eta, horrela, partaideak astero bildu dira erabakiak modu kolektiboan hartzeko.

Hiru ezaugarri hauek erakusketaren izaeraren oinarri dira: modu kolektiboan antolatzea, muntaketa baterako ezohiko denbora ematea eta espazioaren beraren berezitasunak erabiltzea. Baldintza hauen pean artista bakoitzak bere indibidualtasunetik eraiki eta taldearen parte egin du bere lana. Soinu instalazioak hiru solairuak lotzen ditu, margolanetako figurek marrazkiekin jarduten dute, hormak konektatuz, gertatu denari eta gertatuko denari so ari dira bideoak, fabrikan berezkoa denaren eta ez denaren arteko zalantzan jartzen gaituzte pieza askok eta guztien artean jolas moduko bat sortzen da, misterio bat gordeko balute bezala.

Erakusketa bi modutan ikus daiteke, egunez edo gauez, eta esperientzia erabat ezberdina da kasu bakoitzean. Gauez kaletik sartzen den argi arrosak giroa morez tindatzen du eta, argi artifizial gutxi dagoenez, bideoak gardentasun handiz ikus daitezke. Egunez, ordea, bestelakoa da, gauez argi ikusten ziren hainbat gauza ezin baitaitezke antzeman, eta alderantziz gauza bera gertatzen da, argi naturalak espazio osoa hartzen baitu.

Hasieran esan dugunez, izenik eta formarik ez duen intuizio batetik sortzen omen da poesia, eta pentsa genezake erakusketa hau ere modu berean izan dela eraikia: zortzi pertsonak lau hilabetez espazio bat habitatu eta forma eman diotela bakoitzak zekartzan intuizio horiei, modu indibidual zein kolektiboan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA