Musika

Zortzi emanaldi izango dira Donostiako 86. Musika Hamabostaldian

Ostiralean hasiko da musika jaialdia. Lehen egunerako, doako bost kontzertu eta Hamabostaldi solidarioa antolatu dituzte.

Donostiako 86. Musika Hamabostaldiaren lehen egunean parte hartuko duten artistak, Kursaal auditoriumean, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostiako 86. Musika Hamabostaldiaren lehen egunean parte hartuko duten artistak, Kursaal auditoriumean, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostia
2025eko uztailaren 29a
17:51
Entzun 00:00:0000:00:00

Prest dago Donostia hilabetez dantzaz eta musika klasikoaz gozatzeko. Ostiralean hasiko da Donostiako 86. Hamabostaldia, eta doako bost emanaldi antolatu dituzte lehen egunerako; horietako bat organo zikloaren parte izango da. Horrez gain, Hamabostaldi solidarioaren bi kontzertu emango dituzte, eta dantza emanaldi bat izango da Kursaal aretoan.

Doako bost kontzertuei dagokienean, Sofia Huerto pianista donostiarra izango da lehena oholtzara igotzen. Beethovenen Ekaitzaren sonata, Chopinen Fantaisie-impromptu eta Granadosen Allegro de concierto obrak interpretatuko ditu Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan, 12:00etan. Dantza izango da Hamabostaldiaren ateak irekiko dituen bigarren protagonista. San Telmo museoa, hain zuzen ere, dantzaren «parte» izango da Lasala dantza konpainiaren Humana piezan. Judith Argomariz zuzendariaren hitzetan, publikoari «giro berezi batean» eskainiko diote lana. Emanaldia eraikineko klaustroan izango da, 17:30ean. 

Verdini konpainiaren Sustraiak eta Hegoak ikuskizunak, bestalde, autoezagutza eta dibertsitatea izango ditu ardatz. «Dantzarien mugimendu bakoitzak amodioari eta borrokari buruzko istorio bat kontatuko du; edertasunaren inguruko pieza bat izango da», azaldu du Isabel Verdinik, dantza taldeko zuzendariak. Kursaaleko foyer-ean izango da emanaldi hori, 18:00etan. 

Ordu berean, Viktoria Eugenian, Iñar Sastre txistulariak eta Jagoba Astiazaran pianistak Maurice Ravel konpositore ziburutarra omenduko dute, haren jaiotzaren 150. urteurrenean. Doinu zaharrak eta musika garaikidea uztartuko dituzte, eta Ravelek jorratu zituen generoak tartekatu. «Kontzertu inprobisatua izango da; minuet zahar bat joko dugu, agian, eta ondoren Ravelen abesti bat», adierazi du Sastrek. Gehitu dute, halaber, Ravelentzat txistua inspirazio iturri handia izan zela eta dantzari lotutako generoak askotan jorratu zituela; hortik dator ikuskizunari jarri dioten izena: Ravelen dantza.

Dantza Kursaalean

Organo zikloa ere ostiralean hasiko da. Ana Belen Garcia organista eta Miren Urbieta-Vega sopranoa Gros auzoko San Ignazio elizan izango dira, 20:00etan. Espiritualtasuna oinarri izanik, euskal kulturaren inguruan jardungo dute Ecos del alma vasca izeneko kontzertuan. Hainbat euskal konpositoreren piezak interpretatuko dituzte, besteak beste, Guridirenak, Sorozabalenak eta Gorritirenak. Horrez gain, Israel Lopezen estreinako pieza bat joko dute, emanaldirako espresuki sortua: «Pieza horrek arima irudikatzen du estasi erlijiosoaren, desengainuaren eta heriotzaren aurrean; gainontzeko piezen laburpena dela esan daiteke», azaldu du Garciak. Bestalde, Kursaaleko lehen kontzertua ere ordu berean izango da. Aurrenekoz, dantzak irekiko du Kursaal aretoko zikloa: Angelin Preljocajen Requiem(s) ballet emanaldiak, hain zuzen ere. Iaz Parisen estreinatu zuten obra.

Urtero legez, aurten ere Hamabostaldi solidarioa antolatu dute, zahar etxeetan dauden egoiliarrei musika klasikoaz gozatzeko aukera eskaintzeko. Altza auzoko Berra egoitzan, Ainhoa Lopez de Munain sopranoa eta Leyre Saenz de Urturi pianista entzun ahalko dira, 11:00etan. Besteak beste, Sorozabalen, Mozarten eta Donizettiren obrak joko dituzte. Lopezek esan duenez, «errazago» izango zaie entzuleekin konektatzea, ohiko kontzertuak baino «intimoagoa» izango baita hori. Egia auzoko Aldakoenea egoitzan, aldiz, Lorea Lopez sopranoa eta Lucia Arzallus pianista izango dira, 17:30ean. Abestiak eta operako ariak interpretatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.