Zuloak, soinu banda bat

Zuloak rock taldeak disko bat kaleratuko du gaur; Fermin Muguruzaren dokumentaleko «oinarrizko musika» osatu duteFilmaren aurkezpenaren harira, hainbat kontzertu emango dituzte

Fermin Muguruzak taldearen inguruan zuzendutako dokumentalaren estreinaldiagatik bildu da taldea. LUIS JAUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Zuloak rock taldeak bere aurreneko diskoa aurkeztu zuen atzo Bilboko Kafe Antzokian. Fermin Muguruza musikariak eta dokumentalistak taldearen inguruan egindako film dokumentalaren «oinarrizko musika» osatu dute. Orotara, hamahiru kantu bildu dituzte; horietako hamar estudioan grabatutakoak dira, eta beste hiruak, zuzenekoak. Musikariek azaldu dutenez, guztiak ere taldeak zuzenean jotzen zituen abestiak dira. Diskoa gaurtik aurrera izango da eskuragai. Filmaren aurkezpenaren harira, zenbait kontzertu emango dituzte Euskal Herrian, Espainian, Alemanian eta Mexikon.

Diskoa Bonberenean grabatu dute. Tania de Sousa abeslariak, Ainhoa Unzueta gitarristak etaUxua de la Fuente Ursula Strong bateria jotzaileak osatzen dute taldea egun. Haiek ez ezik, taldeko hasierako musikariek ere parte hartu dute diskoaren grabazioan. Hala, Izaskun Muruaga taldeko lehen abeslaria izandakoak zenbait kantutan abestu du, eta Naiara Goikoetxeak jo du bateria kantu guztietan. Zuloak-eko kideek argitu bezala, Goikoetxeak taldea utzi behar izan dueta Ursula Strongek hartu dio lekukoa bateria jotzen. Maitane Alonso Mai Bass baxu jotzaileak eta Alba Burgos abeslariak ere parte hartu dute hainbat abestitan. Karlos Osinaga Lisabo taldeko baxu jotzaileak eta Fermin Muguruzak ekoitzi dute diskoa. Talka Records & Films ekoizpen etxearen zigilupean atera dute.

Haien kantuetan, besteak beste, sexuaren, askatzeko gogoaren eta abortuaren inguruan hitz egiten dute. Unzuetak argitu bezala, Eider Rodriguezek proposatutako eztabaiden harira ondu zituzten musika eta letrak. Gernikako gitarrista da hasierako taldetik jarraitzen duen bakarra. 90eko hamarkadako Riot Grrrl mugimendua gertukoa dute Muguruzaren ustez, «oraingo testuingurura egokituta, jakina». Ainhoa Unzuetaren hitzetan, «abestiak ontzerakoan haiengan inspiratu gara, haien indarrean. Musika panoraman emakumeen aldarrikapen gutxi zeudenean egin zuten. Guk gauza bera egitea erabaki genuen baina euskal panoraman». Mugimenduari aipamen zuzena egin diote Zuloak riot abestian.

«Zuloak ez dira jaio belaunaldi espontaneok bultzatuta», argitu zuen Muguruzak. Izan ere, Euskal Herrian aitzindariak izan dituzte. Horien artekoak dira, besteak beste, Vulpess, O.K. Korral, Matraka eta Jauko Barik. Horietatik ez ezik, beste zenbait iturritatik edandakoak dira Zuloak-eko kideak: «Musikalki gertuago daude gerora lekuko hori [Riot Grrls-en lekukoa] jaso zuten bandetatik, baita L7, Babes in Toyland edota lehen aipatutako Hole-tik, eta, nola ez, PJ Harveyren itzal saihetsezinetik, The Cramps eta ezbairik gabe, The White Stripes, ahotsa, gitarra eta bateriaren gainean eraikitzen baita Zuloak taldearen sonoritatea, bi kantutan izan ezik», dio Muguruzak diskoaren prentsa oharreko testuan.

Zuloak-en «mugaeguna»

Taldeak «mugaeguna» izango duela azaldu zuen, halaber. Filma aurkeztu eta bitartean joko dute. «Zerbaitek jarraituko balu, izango litzateke urtebeteko kontua, askoz jota. Gero, bakoitzak bere bidea egingo du».Izan ere, taldeko abeslaria eta gitarrista beste proiektu batzuetan dabiltza. Las Putas del Mistol taldean De Sousa, eta Itzalen Unzueta.

Taldea ezezaguna zen Muguruzari dokumentala egiteko ideia bururatu zitzaion arte. Hark azaldu bezala, filma egitearekin batera, nabarmendu nahi izan du Euskal Herrian talde ezezagun asko dagoela: «Azaldu nahi nuen Euskal Herrian badagoela eszena bat oso indartsua eta interesgarria, baina ezagutzen ez dena». Haren iritziz, euskaraz abesten duten taldeen artean zailtasunak are eta nabarmenagoak dira: «Dokumentatuz joan naizen heinean, konturatu naiz badaudela Euskal Herrian kristoren talde piloa ezin direnak ailegatu jendearengana. Badago hor kezka bat eta arazo handi bat, nire ustez, batez ere euskaraz abesten duten taldeekin».

Izan ere, taldea desagertu eta gero egin da ezagun. Zuloak taldeko kideek azaldu bezala, proiektua alde batera utzi duen arren, Arrate Rodriguez artistak sortu zuen. Andy Warholek Velvet Underground sortu zuen legez, bere taldea sortu nahi izan zuen artistak ere. Musikarien egitekoa bideo bidez dokumentatu, eta taldea desegin eta gerora, material guztia Eider Rodriguez idazleari—bere ahizpari— pasatu zion, eta hark, Muguruzari. Taldea berriro bildu da filmaren aurkezpenaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.