Zuloak taldeak irekiko du Izar & Star zikloaren laugarren aldia, irailaren 7an

Hainbat musikarik talde mitikoen bertsioz osaturiko kontzertuak emango dituzte udaberrira bitartean

Erredakzioa
Bilbo
2013ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Laugarren urtez egingo da Izar & Star musika zikloa, irailean hasita. Euskal Herriko hainbat musika taldek historian oso ezagun bilakatu diren taldeen bertsioez osaturiko kontzertuak eskainiko dituzte Bilboko zenbait aretotan. Zuloak taldeak emango du aurrenekoa, irailaren 7an, Campos antzokian. Fermin Muguruzak zuzendutako dokumentalaren izen bera hartu zuen musika taldeak eta zikloko lehen kontzertuan The Runaways taldea omenduko dute. 70eko hamarkadan AEBetan sorturiko talde hura ere emakumez osatua zegoen osorik, eta hard-rocka egiten zuen.

Zikloko bigarren kontzertua Barakaldoko The Longboards surf taldearen eskutik iritsiko da. Link Wray gitarra jotzailearen bertsioak eskainiko dituzte. Urrian ere beste bi kontzertu izango dira. Four Friends taldeak jazzeko kantari emakume izarren bertsioak egingo ditu urriaren 19an; Billie Holiday, Ella Fitzgerald, Etta James eta Diana Krallenak, besteak beste. Dr. Maha's & Miracle Tonic taldeak, berriz, The Beatlesek 1967an plazaraturiko Magical Mistery Tour EP bikoitza hartuko du ardatz bere emanaldirako, urriaren 31n.

Campos antzokian

PLV Havoc donostiarrak LaBuena Vida taldea —herrikidea eta Donosti Sound deituriko musika mugimenduaren ikurretako bat— omenduko du azaroaren 16an, eta Magic Teapot talde bizkaitarrak 60ko hamarkadan Kalifornian ernaturiko rock mugimenduko hainbat talderen (Jefferson Airplane, Grateful Dead, QMS...) bertsioak egingo ditu hil bereko 21ean.

Oraingoz programaturik dagoen azken data abenduaren 14koa da. Egun horretan Mamba Beat talde bizkaitarrak Depeche Mode eta pop britainiar elektronikoa landu duten beste zenbait talderen bertsioak eskainiko ditu. Kontzertu horiek guztiak Campos antzokian izango dira, baina antolatzaileek azaldu dutenez, 2014ko kontzerturen bat edo beste Kafe Antzokian izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.