Literatura

Zuriñe Ruiz de Gordoa pertsonaiari beste bizi bat eman dio Jon Arretxek 'Atilaren gutizia' eleberrian

'Txerriak eta loreak' liburuko protagonista berreskuratu du idazleak. Zor handi bat kitatzeko, protagonistak aurre egin beharko die droga kontrolatzen duten mafioso batzuei. Eleberria Euskal Herrian dago girotuta.

Jon Arretxe 'Atilaren gutizia' liburua eskuan, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jon Arretxe 'Atilaren gutizia' liburua eskuan, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Donostia
2026ko azaroaren 26a
16:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Preso bat espetxetik ihes egiten saiatu da, kontzertu bat egitera bertaratu den musika taldearen bozgorailuetan sartuta. Ez da 1985, ezta Martuteneko espetxea ere. Jon Arretxeren liburu berriaren abiapuntua da, Atilaren gutizia. Iaz argitaratutako Txerriak eta loreak (Erein, 2025) liburuaren jarraipena da, Zuriñe Ruiz de Gordoa protagonista duena. Kartzelatik atera ostean, protagonista droga, mafia eta zorren mundu ilunean murgilduko da. Nobela beltza da, baina umoretik asko duela aurreratu du idazleak. Erein argitaletxearekin kaleratu du.

Istorioa freskatze aldera, Zuriñe gasteiztarra da, Downen sindromea du, eta judoka profesionala izandakoa da. Arretxeren arabera, «gajo» itxura du, baina Zuriñek ondo daki hori, eta probetxua ateratzen saiatzen da. «Baskonia saskibaloi taldearen eta Errioxako urteko ardo beltzaren zalea da, baina baita diruarena ere», azaldu du idazleak. Aurreko liburuan, Zuriñek Zaballako kartzelan amaitu zuen, eta liburu berria bertatik irteteko ihesaldi saiakerarekin hasten da. Iazko liburuaren nolabaiteko jarraipena bada ere, idazleak argitu du nobela «independenteak» direla, eta bakoitzak bere hasiera eta bukaera duela. 

Zuriñek porrot egingo du ihes egiten saiatzean, baina, epailearen ebazpenari esker, kartzelatik aterako da. Gasteizko Zaramaga auzoko pisura itzuliko da, baina zor handiak izango ditu. Dena den, azkar topatuko du zorrak kitatzeko eta diru erraza lortzeko bide tentagarria. Bide horrek Bilboko eta Gasteizko droga trafikoa eta mafiak ezagutzera eramango du, eta sikario bati, Poliziari eta beste hainbesteri egin beharko die aurre. 

«Askoz gusturago sentitzen naiz protagonistak legearen beste aldekoak badira, poliziak eta halakoak baino»

JON ARRETXE Idazlea

Dena den, Bilbo eta Gasteiz ez dira istorioko gertaleku bakarrak. Cristina Fernandezek egindako liburuaren azalak ematen du arrastoa: kortxo-kentzeko bat agertzen da, hondo more baten gainean. Hain zuzen, istorioaren zati bat Bastidan dago girotuta, Arabako Errioxan. Txerriak eta loreak liburuan, Zuriñek oso harreman ona izan zuen Julian errioxarrarekin, eta hark upategi bat utzi zion oinordetzan. «Upategia arakatzera joandakoan, zerbait topatuko du, eta trama misteriotsuaren haria osatzeko baliagarria izango da», aurreratu du idazleak. 

Zuriñe ez da bakarrik egongo abenturan: Andoni abokatua eta Luba kartzelari ohia izango ditu bidelagun. «Hirukote bitxia da, baina elkar osatzen dute. Batek planak egiten ditu, besteak indarra jartzen du, eta azkenak ekintzak gidatzen ditu», azaldu du Inazio Mujika Ereineko editoreak. 

Idazlearen eta editorearen hitzetan, «erritmo biziko» nobela bat da, Arretxeren aurretiko eleberrien antzera. «Etengabeko gorabeherak eta ustekabeak ditu, eta horrek egiten du irakurketa arina izatea», azaldu du editoreak. Bizia ez ezik, umoretsua ere bada liburua. Mujika: «Hilketak, mehatxuak eta arriskuak daude liburuan, baina egoera askok komikotasun handia dute».

Krimenak idazteko erak

Laburra da liburua, baina hori da Arretxeren estiloa. «Idazketa prozesuan editoreak aipatu izan dit gaur egun, nobela beltzaren generoan, arrakastatsuagoak direla nobela luzeagoak eta krimenaren egitura klasikoari jarraitzen diotenak. Egitura klasikoan, hilketa bat gertatzen da, eta Poliziak ikertu egiten du», gogoratu du. Arretxeren liburuak ez du halako egiturarik. «Nire obsesioetako bat da ezer ez sobratzea; horregatik ateratzen zaizkit labur samarrak. Are, askoz gusturago sentitzen naiz protagonistak legearen beste aldekoak badira, poliziak eta halakoak baino». 

Euskal nobelagintza beltzaren sinadura ezagunenetako bat da Arretxerena. Mujikak horrexen inguruan galdetu dio, zehazki nola ikusten duen literatura mota hori. Zera erantzun du idazleak: «Prestigioa falta zaio, baina hori betikoa da, eta zaila izango da horri buelta ematea. Aldi berean, iruditzen zait gutxi garela nobela beltza euskaraz idazten dugunak».  

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA