Zurrunbilo jaialdiak Baratza aretoa eta Izaskun Arrue kulturgunea hartuko ditu bihartik igandera

Gasteizko Baratza aretoak eta Parasite kolektiboak Zurrunbilo euskal arte eszenikoen jaialdia antolatu dute, hamaikagarrenez. Gasteiz euskarazko arte eszeniko garaikidearen erdigune bilakatuko da lau egunez.

Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal Les Bobe-Bobe konpainiako aktoreak 'Dada ü Lala' antzezlan laburra prestatzen. MIAU ESTUDIOAK
Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal Les Bobe-Bobe konpainiako aktoreek 'Dada ü Lala' antzezlana jokatuko dute jaialdian. MIAU ESTUDIOAK
edurne begiristain
2026ko martxoaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarazko arte eszeniko garaikidearen topagune nagusietako bat itzuliko da bihar Gasteizera: Zurrunbilo jaialdia. 11. aldia izango du, eta martxoaren 26tik 29ra bitartean egingo da. Urtero legez, Baratza aretoak eta han lanean ari den Parasite kolektiboak elkarlanean ondu dute egitaraua. Aurten hainbat berritasun ditu: batetik, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin eta Izaskun Arrue kulturgunearekin elkarlanean egingo dute, aurrenekoz; bestetik, Baratza aretoak ez ezik, Izaskun Arrue kulturguneak ere hartuko ditu Zurrunbiloko ikuskizunak.

Bihar abiatuko dute jaialdia, Euskaraz eta eszenaz etxeko zapatiletan topaketarekin. Ohiko mahai inguru formaletik urrun, «afalosteko tertulia giroko solasaldia» proposatu dute antolatzaileek; patxadaz, gertutasunez eta publikoak parte hartuta ariko dira. Arte eszenikoetan euskaraz diharduten bost sortzaile bilduko dira Izaskun Arrue kulturgunean —Ane Gebara, Josune Velez de Mendizabal, Idoia Tapia, Eihara Fernandez de Larrea eta Odei Arregi—, besteak beste lurraldetasunaz, hiztun komunitateez, kultur politikaz eta komunitatearen eraikuntzaz jarduteko. Galderak, jolasak, anekdotak eta gogoeta sakonak uztartuko dituen saio bat izango da, late night kutsukoa.

Solsaldirako sarrera librea izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da info@salabaratza.com helbidean. Gainera, mahai ingurura bertaratzen direnek gonbidapena jasoko dute ondorengo kontzertuetara joateko. Hain justu ere, Esanezin eta Postal Kolekzionistak taldeen musika emanaldiak izango dira gau partean.

Subjektibotasuna eta errealitatea

Aurtengo edizioak berezko duen izaera esperimentala sendotuko du. Programazioan aurkeztuko diren pieza guztiak 30 minututik beherako lan laburrak izango dira, gorputza, ahotsa eta jolasa ardatz hartuta. Sortzaileek egungo munduaren «konplexutasuna, identitatea eta ziurgabetasuna» landuko dituzte, hizkuntza eszeniko «ausart» eta «berritzaileen» bidez. Subjektibotasunaren mugak, errealitateari aurre egiteko moduak eta beste zenbait gai eramango dituzte agertokira.

Jaialdiaren jarduera nagusiak asteburuan izango dira; guzti-guztiak, Baratza aretoan. Eskaintza askotarikoa izango da, gerrako umeen jolasak oinarri dituzten piezetatik hasi, eta buru nahasmenduak aztertzen dituzten lanetaraino. Hala, Aitor Vinagretek Arma tiro pum proposamena taularatuko du; Idoia Tapiak, Alter nation; Aitzol Iraolak Hustu pieza eramango du oholtzara, eta Les Bobe Bobe taldeak, Dada ü Lala proposamena. 

Antolatzaileek nabarmendu dute jaialdiaren helburu nagusietako bat publiko berriak erakartzea dela, baita tokiko zein lurralde arteko sormen sareak indartzea ere. Horretarako, prezio eskuragarriak eta irisgarritasuna zaindu dituzte: lau ikuskizunak ikusteko 16 euroko bonu berezia jarri dute salgai, eta sarrera soziala ere eskainiko dute, arrazoi ekonomikoengatik inor kanpoan gera ez dadin. Jaialdiari buruzko informazioa Baratza aretoaren webgunean kontsulta daiteke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!