Zuzendari Berriak saila, Zabaltegitik at, independentea izango da

Talentu berrien aldeko apustua sendotuko du Donostiako Zinemaldiak, saileko film onenari 90.000 euro emanez

Miguel Angel Jimenezen Chaika, Zuzendari Berriak saileko fimetako bat. DONOSTIA ZINEMALDIA.
Donostia
2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiaren aurtengo ekitaldiko berritasun nagusietako bat da: Zuzendari Berriak saila independentea izango da aurrerantzean, Zabaltegi sailaren barruan izateari utzi, eta jaialdiko sailik garrantzitsuenetan bigarrena bilakatuko da, ofizialaren segidan. Pauso hori emateak, Jose Luis Rebordinos zuzendariak azaldu duenez, «pisu handiagoko proiektuak» erakartzekobide eman die, horietako asko latinoamerikarrak. Hartara, 14 herrialdetako 17 film eskainiko dituzte orotara, guztiak ere zinema munduan lehen pausoak ematen ari diren zuzendarienak.

Zinemaldiak Kutxarekin sinatu duen akordioari esker, saileko film irabazleak 90.000 euroko saria jasoko du, «inguruotako handiena». Aurtengo aldaketa apustu estrategiko baten parte dela azaldu du Rebordinosek, eta talentu berrien ehizan lehen lerroan egon nahi dutela, onenak atzeman eta haien etorkizuneko filmak Donostiara errazago ekarri ahal izateko.

Zuzendari Berriak saileko programazioa «oso plurala» dela esan du Rebordinosek, eta genero asko biltzen dituela: esaterako, Le Jour des corneilles animazioko filma, edota Sleepless Nights dokumental «gogor eta konplexua», Libanoko gatazka ardatz duena. Horiez gain, beste film batzuk ere nabarmendu ditu: 7 cajas (Juan Carlos Maneglia eta Tania Schemborirena) telebista eduki nahi duen ume bati buruzkoa da; zazpi kutxa alde batetik bestera eramatea onartuko du ehun dolarren truke, baina uste baino zailagoa suertatuko zaio. Miguel Angel Jimenezen Chaika filmak, ostera, prostituta baten eta marinel baten arteko amodio istorioa kontatzen du; filma espainiarra bada ere, ekoizpenaren zati handi bat Euskal Herrian egina da, Koldo Zuazuaren eskutik.

BEZa %20 igotzekotan dela eta, Rebordinosek jakinarazi du sarreren prezioak garestitzea aztertzen ari direla zinemaldiko antolatzaileak, baina oraindik ez dutela erabakirik hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.