Langraiz, bide ala geltoki

ETArekin hautsi eta «prozesu autokritikoa» egin duten presoei buruzko liburua argitaratu dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin

Carmen Gisasola, eta, haren atzean, Humberto Unzueta eta Jonan Fernandez, atzo, San Telmo museoan. JON URBE / ARP.
jokin sagarzazu
Donostia
2016ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
«Agortutako bide bat» izan daitekeela aitortu du bertatik pasatu zen Carmen Gisasola preso ohiak, baina uste du berak eta beste batzuek egindakoa baliagarria izan daitekeela beste batzuentzat, ordura arte egindakotik «haratago» egin dutelako haiek. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak ere aitortu du bide horrek ez duela eman espero zituzten emaitzak, preso «gutxik»hautatu dutelako —«30 inguruk»—, blokeatuta dagoelako egun, eta Madrilek baldintzak «gogortu» dituelako. Baina ziur da, hala ere, euskal gatazkaren azken urteetako kontaketaren mugarrietako bat izango dela. «Euskal Herrian bakea eraikiko da eragin ona izan duten ekinaldiak batuz, eta Langraiz bidea izango da batura horren parteetako bat».

Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak (PSOE) jarri zuen abian Langraiz bidea deituriko gizarteratze programa, Loiolako bake prozesua hautsi ostean. Arabako espetxe horretan bildu zituzten ETArekin kritiko azaldu ziren hainbat preso —egun, Zaballako espetxean daude—. Horien ibilbidea laburbiltzeko asmoz, liburu bat argitaratu berri dute (Langraiz bisean bis, Erein), Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Hitzeman programaren barruan. Lanaren aurkezpen ekitaldian izan dira Gisasola, Fernandez eta Humberto Unzueta egilea.

2011tik, PP Espainiako Gobernura iritsi zenetik, etenda dago Langraiz bidea, baina Fernandezek azpimarratu du «interes eta garrantzi handia» daukala oraindik, eta Jaurlaritzak babestu egingo duela aurrerantzean ere, Espainiako Gobernua kolore batekoa zein bestekoa izan. Bide hori hautatu ez duten presoei buruz—oro har, EPPKren barruan daudenei buruz— Fernandezek liburuaren hitzaurrean dio aske geratzeko urratsak egin nahi badituzte «pauso argiak» eman beharko dituztela legea onartzeko bidean, Langraizkoek egin zuten moduan; autokritikaren «prozesu politiko eta etikoa» egin beharko dutela, eta haien ingurune politikoak «oztopo kolektiboak» desegin beharko dituela. Hori eginda gizartearen eta instituzioen laguntza izango dutela uste du Jaurlaritzako ordezkariak.

Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren «enkarguz» egin du liburua Deia egunkariko Humberto Unzueta kazetariak. Preso horiek eginiko ibilbidea jaso du, kronika moduan, elkarrizketak tartekatuz eta hainbat agiri jasoz. Unzuetak nabarmendu du Langraiz bideko presoei buruzko lana dela baina «atzera» egin behar dela liburuan azaltzen diren «protagonisten» bilakaera ulertzeko: ETA eta Espainiako Gobernuak 1989an Aljerren izandako elkarrizketen porrotaren osteko garaira, eta Lizarra-Garaziko prozesuaren hausturara (1998). «Gatazkaren memoria idazteko gako eta ekarpen inportanteak egin zituzten [Langraizko presoek] denbora horretan ere; garrantzitsuak azken hamarkadetako historia ulertzeko».

Carmen Gisasola bat dator horrekin. Aljer eta Lizarra-Garazi aipatu ditu hark ere, baina, bereziki, Loiolako prozesuaren haustura (2008). «Hori mugarria izan zen guretzat». ETAk su-etena hautsi ostean PSOEren gobernuak presoei eskainitako bidea hautatu izana ez zela erraza izan aitortu du. Azaldu du ETAtik eta EPPKtik kanporatuta babesik gabe sentitu zela, baina azpimarratu du bere militantziaren «jarraipena» izango balitz bezala ulertu zuela eginiko urratsa, «askatasun pertsonala berreskuratzeko» prozesu gisa.

Adierazi du bera ez dela ezeren «abangoardia» sentitzen eta bere eta Langraizko beste kideen jarrerak ez diola «ezertan kalterik egin» EPPKri, baina uste du «bide bat» ireki dutela, espetxe onurak eta baimenak lortzeko. «Gu ez gara lehenak izan legezkotasunera atxikitzen», gogoratu du, halere. Horrekin batera, esan du berak egindakoak ez duela soilik xede izan askatasuna berreskuratzea, baizik bizikidetzarako ekarpena ere izan nahi duela, eragindako mina aitortuz, besteak beste. «Guretzat, hausnarketa prozesu bat izan da, ez gara mugatu espetxe onurak jasotzera». Berea prozesu «politiko eta etiko» bat izan dela nabarmendu du.

Kazetariei erantzunez, gaurkotasunari ere heldu dio Gisasolak. EPPK-ko presoek legeak ezarritako baldintzak onartuko dituztela iragarri izanari buruz, eszeptiko agertu da. «Itxura denez, hori egingo dute. Gauzak dauden moduan daude: legeak ez dituzte aldatuko, eta presoek egin beharko dituzte urratsak». Segurako auzian epaituek fiskaltzarekin eginiko akordioez, berriz, esan du «haientzat soilik» balio duela. Galdetu diote, halaber, Arnaldo Otegi Nelson Mandelarekin konparatzerik badagoen, eta berak ezetz erantzun du. «Ez daukate zerikusirik. Otegik hainbat gauza aurrez egin zitzakeen, baina ez zituen egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.