Aurreko urtean iragarri zuen Gasteizko Jimmy Jazz aretoak Batbatean musika jaialdi berria. Hasieran, 21 talde eta 5 DJ zeuden jaialdiaren kartelean. Hilabeteak igaro ahala, ordea, Euskal Herri osotik jaialdira batuko diren talde ugariren izenak iragartzen joan dira antolatzaileak, eta, gaur kartel osoa iragarri dutenerako, asko hazi da parte hartzaileen kopurua. Izan ere, 45 artista eta 19 DJ izango dira azkenean jaialdian. Tartean, gaur jakinarazi dituzten hainbat berritasun: Gozategi, Maruxak, Kaos Etiliko, No Limits, Sustrai Berriak eta Zopilotes taldeen izenak ageri dira orain parte hartuko dutenen artean.
DJen zerrenda, berriz, asko luzatu da, hemeretzira iritsi arte: Aida Blanco, Guat-K, Malandro, Nelson eta Rosa Mary artistak arituko dira, besteak beste, Mendizabalako agertokietatik jaialdia girotzen. Horretarako, aurretik iragarrita zeuden bost eszenatokiez gain, musika elektronikoari bereziki eskainitako gunea izango du jaialdiak. Bestetik, food truck-en gunea eta kanpalekua ere aurkeztu dituzte antolatzaileek; adierazi dutenez, kanpamentuaren funtzionamenduari buruzko xehetasunak laster argitaratuko dituzte.
Aniztasuna eta tokiko produktua
Jaialdi berria antolatuta «egungo musikaren aniztasunaren eta aberastasunaren aldeko apustua» egin nahi izan du Gasteizko Jimmy Jazz aretoak. Haien esanetan, horren erakusgarri dira parte hartuko duten taldeen askotariko estiloak: Gozategiren triki-pop aireak Nafarroa 1512ko kideen streetpunk deiadarrekin edota Annekdotas eta Mirotz artista gazteen doinu urbanoekin nahastuko dira Mendizabalako eszenatokietan, musika elektronikoaren eztandak hondoan dituztela.
Euskal Herriko eta, batez ere, Arabako taldeen eta proiektuen alde egindako apustua ere nabarmena da, tokiko artista gazteak taularatu nahi izan baititu jaialdiak, aipaturiko Annekdotas eta Mirotz, kasu batera. Aniztasun eta gaztetasun horien aldeko hautua eginez, «hierarkia artifizialak baztertzeko» eta «publikoarekiko lotura eta nortasun artistikoa» erdigunean jartzeko asmoa dute antolatzaileek.
Jaialdirako sarrerak abendutik daude salgai www.batbatean.eus web orrialdean, eta otsailaren 20an prezioak berriro igoko direla ohartarazi dute antolatzaileek. Gainera, sarrera fisikoak eskuratu nahi dituenak haiek erosteko aukera izango du orain, Gasteizko Hor Dago tabernan salgai jarriko baitituzte. Jaialdia maiatzaren 15ean eta 16an egingo da, eta, azken kartela ikusita, Gasteizera joango diren musikazaleek izango dute zer gozatua bi egun horietan.