50 maliar kale gorrian geratuko direla salatu du Salburuko Harrera Sareak

Hainbat errefuxiatu maliarrek Gasteizko parrokietan igarotzen zuten gaua. Salburuko Harrera Sareak salatu duenez, parrokia horiek erabiltzeko akordioa igandean amaitzen da, eta asilo eskatzaileek ez dute nora joan. Iganderako manifestaziora deitu dute.

Salburuko Harrera Sarearen agerraldia, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Salburuko Harrera Sarearen agerraldia, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 28a
12:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken lau hilabeteetan, Gasteizko kalean lo egiten zuten dozenaka errefuxiatu maliarretako 50ek beren egoera arindu ahal izan dute, Salburuko Harrera Sareak Gasteizko Elizbarrutiarekin eta hiriko bi parrokiekin egindako akordioei esker. Hain zuzen ere, 50 asilo eskatzaile horiek Gasteizko parrokietan lo egiteko baimena eman zuen elizbarrutiak, hilabete hotzenetan abaroa izan zezaten, bederen.

Akordio horiek, ordea, maiatzaren 31ra arte soilik iraungo dute, eta Salburuko Harrera Sareak salatu du laster errefuxiatu horiek kale gorrian geratuko direla berriro, elizbarrutiak ez baitu akordioa berritu eta erakundeek ez baitie «inolako konponbiderik» eskaini. Maliarren egoera kaskarra eta erakundeen «utzikeria»etxegabeak salatzeko, manifestazioa antolatu du sareak igandean, errefuxiatuak berriro ere lo egiteko tokirik gabe geratzekoak diren egunean. 19:30ean izango da kontzentrazioa, Martxoak 8 etorbideko lehen zenbakian, Salburua auzoan. 

Harrera sareko koordinatzaileak, Cristina Riegak, sareetan zabaldutako bideo batean salatu duenez, igandera arteko epea dute 50 pertsona horientzako «konponbide duin bat» aurkitzeko. Erakundeen «blokeo administratiboa» ere gaitzetsi du. Izan ere, hainbat eragilek azken asteetan salatu dutenez, Gasteizko Espainiako Poliziaren komisarian ez dute asilo eskaerak izapidetzeko hitzordurik ematen, eta, prozesu hori abian jarri ezean, «eskubiderik gabe» daude errefuxiatuak. Erakundeei konponbide bat bilatzeko eskatuko diete igandeko manifestazioan, 50 errefuxiatu horiek berriro kalean gera ez daitezen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA