Atzo URSSA eta EGA fabriketan egindako polizia operazioan «legediaren eta humanitatearen» mugak igaro zirela salatu du Gasteiz Antirrazistak. Elkarteak komunikabideen eta Poliziaren arteko elkarlana seinalatu du, eta salatu atzo gertatutakoa «ondo kalkulatutako eraso arrazista» bat izan zela. Gaur elkarretaratzera deitu dute 19:30erako, Plaza Berrian.
Erlazionatuta
Azken asteetan Poliziak egindako esku hartzeek eraginda, tentsio giroa nabarmena da Gasteizen. Joan den astean Errekaleorren gertatutakoen ostean, atzo Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Gasteizko Udaltzaingoak koordinatuta, Gasteizen aspaldian ikusitako operazio polizialik handiena egin zuten URSSA eta EGA fabrikak husten. Bertan, 119 lagun identifikatu zituzten, Poliziaren esanetan, «lapurretak prebenitzeko» operazioan. Bada, Gasteiz Antirrazista elkarteak operazioa egitean «umiliazioan» oinarritu zirela eta «eraso arrazista argi bat» izan zela salatu du. Horrekin batera, Gasteizko Udala eta komunikabideak ere seinalatu ditu.
Udalari fabrikan bizi direnekin hartutako bidea aurpegiratu dio: «Gasteizko Udalak, bertan bizi direnen bizimodua duintzeko saiakera egin beharrean, justu kontrakoa egiten du. Miserian bizitzera kondenatu nahi dituzte». Eta komunikabideei leporatu die Poliziarekin «elkarlanean» aritzea eta bertako bizilagunen intimitate eskubidea «urratuz» barrualdeko argazkiak atera eta argitaratzea. Horrez gain, Alderdi Popularra ere seinalatu dute, eta aurpegiratu diote botoak lortzeko asmoz bertaratu izana fabriketara.
Erregularizazio bidean beste oztopo bat
Gasteiz Anitzak zuzen-zuzenean seinalatu du Polizia, eta fabrikan bizi zirenen gauzak «lapurtzea eta puskatzea» leporatu die; gogorarazi dute ere horrek zer arrisku dakarren: «URSSAn eta EGAn bizi direnei daukaten dokumentazio gutxia kendu diete, nahiz eta erregularizazio prozesu bete-betean egon, eta, hala, deportatuak izateko arriskua gehitu zaie; horrek guztiak prozesua oztopatu besterik ez du egiten. Horrelako ekintzek legearen muga gainditzen dute, baita humanitatearenak ere».
Are gehiago, elkarteak salatu du ez dela kasualitatea Poliziak esku hartzea atzo 06:00etan abiatu izana. Izan ere, herenegun gauean zen Eid al-Adha (Arkumearen Jaia), islamaren jai handia; eta horregatik, kasualitateetatik harago, «ondo kalkulatutako eraso arrazista» besterik ez zela izan azpimarratu dute.
Hori guztia salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur 19:30ean, Plaza Berrian.