«Zer nahi duzu, profesional ona ala euskalduna?». Lan munduan sarritan aurkeztu ohi den dikotomia faltsua, enpresa sarea aktibatzeko egitasmoaren lehen ekitaldi publikoan erakutsi dutenez. Barne jardunean euskara sustatzeko konpromisoa hartu duten 80 enpresa inguru bildu ditu Eusko Jaurlaritzak sare horren bidez, eta eremu profesionalean euskararen erabilera bultzatzea eta euskaraz jarduten duten enpresen arteko loturak sendotzea du helburu. Barakaldon aurketu zuten egitasmoa, iaz, eta gaur egin dute sare hori aktibatzeko lehen ekitaldi publikoa, Gasteizen; sarea sendotzen lagunduko duen «sareko plataforma» ere iragarri dute.
Miñaon egin dute ekitaldia, Arabako Teknologia Parkeko eraikin nagusian. Puntako teknologia eta ekonomia tradizionala uztartzen ditu gune horrek: halako batean, ardiak agertu dira ondoko belazean, hausnarrean, eta parte hartzaile askok arreta galdu dute haiei begira eraikin nagusiko leiho modernoetatik. Haien arreta berriro bereganatuta, Sonia Rodriguezek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, inguruneari egokituriko metafora elektrikoa erabiliz definitu ditu gaur egungo egoera eta sarearen xedea: «Enpresetan euskara bultzatzeko tokiko ekimen guztiak mapan irudikatuko bagenitu, argi puntu bana jarrita, izpi isolatu ugari ikusiko genituzke. Horiek guztiak batuz gero, ordea, indarrez beteriko sare elektriko handia osa dezakegu».
Ikusi gehiago
Eusko Jaurlaritzak ondu duen euskararen plan estrategikoaren barnean dago sare hori, eta euskararen erabilera handitzea du helburu nagusia, planak duen bezalaxe. Erabilera sendotzearen garrantziaz mintzatu da, hain zuzen, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Aitor Aldasoro: «Erabilera da erronka, nola egin erakargarri gure hizkuntza». Eta, erronka horri aurre egiteko, ezinbestekoa da enpresen lankidetza, sailburuordeak azaldu duenez: «Enpresak ez badu apusturik egiten, guk ezin dugu ezer egin».
«Euskara ez da kalitate formulario batean bete beharreko lauki hutsa, abantaila lehiakorra baizik»
SONIA RODRIGUEZ Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria
Erronka horren garrantzia nabarmendu du Oreka IT enpresako zuzendari nagusiak ere, Iraitz Perez de Goldarazenak. Arabako informatika enpresa horrek aurretik ere egin ditu urrats garrantzitsuak euskararen normalizazioan, eta dituzten erronken diagnostiko argia du zuzendari nagusiak: «Enpresako langileen erdiek dakite euskaraz, baina badugu koska handi samarra dugun ezagutza mailatik erabilera mailara». Arestiko ardiak beste metafora batean erabiltzeko baliatu du testigantza Rodriguezek: «Ardi bat doan tokira doaz besteak; enpresetan zuek aitzindari lana eginda, posible izango da, guztion artean, euskararen erabilera handitzea enpresetan».
Ikusi gehiago
Sareko plataforma
Hortaz, lantokietan euskararen erabilera areagotzeko lan egin nahi duten enpresen «komunitatea» sortzea du helburu Lanera egitasmoak, baita «enpresei tresnak, baliabideak eta laguntzak eskaintzea ere». Helburu horiek betetzeko lehen tresna zehatza ere aurkeztu dute gaur: «sareko plataforma bat» jarriko dute martxan, enpresen arteko «zuzeneko kontaktua» bultzatu eta «baliabideen biltegi» gisa jarduteko. Artean izenik ez duen plataforma hori irailerako martxan nahi dutela iragarri du sailburuordeak.
Euskalit enpresa arduratuko da plataforma hori sortzeaz, eta konpainiako langile Galder Lasuenek azaldu ditu nondik norakoak: «Web orrialde baten tankera izango du, hainbat ataletan banatuta». Horien artetik, enpresak erregistratzeko galdetegia eta autodiagnostiko orria, erakundeak bilatzeko mapa eta enpresentzako baliabideak bilduko dituen atala dira aipagarrienak. Finean, «enpresei atxikimendua publikoa adieraztea ahalbidetzeko eta baliabideak emateko» tresna izango da baliabide hori, Lasuenen hitzetan.
Elkarlana eta lehiakortasuna
Sarera atxiki diren enpresetako ordezkariekin mahai ingurua ere egin dute ekitaldian, eta bi ondorio nagusi atera dituzte parte hartzaileek, batak bestearen testigantzak entzun ostean: enpresen arteko elkarlana beharrezkoa da lan munduan euskararen alde egiteko, eta euskara ez da oztopoa, lehiakortasuna eta abantailak ematen dituen tresna bat baizik. Lehen puntua argi laburtu du Idiazabalgo (Gipuzkoa) AMPO enpresako Ane Bergaretxek: «Benetan eragin nahi badugu, ezinbestekoa da batera jardutea».
«Euskara beti izan dugu oso barneratua, eta gure zerbitzuan berezitasuna ematen digula ohartu gara, bezeroekiko gertutasuna»
GALDER URIARTE Patxi Koop. enpresako kudeatzailea
Bigarren ideia horri dagokionez, Rodriguezek argi dauka: «Euskara ez da kalitate formulario batean bete beharreko lauki hutsa, abantaila lehiakorra baizik». Abantaila hori egiazkoa dela ikusi du bere jardun profesionalean Patxi Koop. edari banaketa enpresako (Erandio, Bizkaia) kudeatzaile Galder Uriartek: «Euskara beti izan dugu oso barneratua, eta gure zerbitzuan berezitasuna ematen digula ohartu gara, bezeroekiko gertutasuna». Beste zerbaitetan ere bat etorri dira parte hartzaileak: enpresak eta langileak horretaz konbentzitzeko, lan eskerga dago oraindik egiteko, eta horretarako lehen urratsa baino ez dira Lanera sarearen osaketa eta aktibazioa.