Ondorioztatu dute euskara arlo sozioekonomikoan sustatzeko lana «sakabanatuegi» dagoela

Lanera proiektua aurkeztu dute, euskara industrian, merkataritzan eta ostalaritzan indartzeko. Jardunaldiak egin dituzte Barakaldoko BECen ehun eragile ingururekin, diagnosia azaldu eta proposamenak jasotzeko.

Ehun eragile inguru elkartu dira Barakaldoko jardunaldietan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ehun eragile inguru elkartu dira Barakaldoko jardunaldietan. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Barakaldo
2025eko azaroaren 13a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara arlo sozioekonomikoan sustatzeko beste tresna bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak: Lanera izeneko prozesua. Ez da berria: maiatzetik ari dira zenbait eragilerekin bilerak egiten, egoeraren diagnosi bat egiteko asmoz, eta, hurrengo urratsei ekin aurretik, diagnosi horren aurkezpena egin dute Barakaldoko BECen (Bizkaia) antolatutako jardunaldi batzuetan. Zenbait ondorio atera dituzte eragileekin izandako harremanetatik, eta hau da nagusietako bat: lan handia egiten da euskara esparru sozioekonomikoan sustatzeko, baina maiz lan hori «modu sakabanatuan» egiten da, eta, beraz, komenigarria litzateke ahaleginak koordinatu eta elkarren berri izatea.

Ehun eragile inguru bildu dituzte Barakaldon egindako jardunaldietan: alkate, zinegotzi, euskara teknikari, mankomunitateetako ordezkari, garapen agentzietako kide eta abar. Han, orain arteko prozesuaren berri eman du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 21 eskualde eta hiru hiriburuak bisitatu dituzte, bilerak egin dituzte 300 bat ordezkarirekin, eta 600 esperientzia baino gehiago identifikatu dituzte, orain aurkeztu duten diagnosia egin ahal izateko.

«Entzute prozesu zabala, askotarikoa eta sakona egin dugu, badakigulako administrazioak bakarrik ezin duela lan osoa egin»

IBONE BENGOETXEA Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea

Bengoetxeak azaldu duenez, euskal herritarrek euskararen aldeko «apustu historikoa» egin dute azken 40 urteetan, eta adostasun horren ondorioz euskaldunen kopurua bikoiztu egin da denbora tarte horretan. «Baina gauzak asko aldatu dira, eta ezin dugu jarraitu duela 40 urteko logikarekin», erantsi du. Erronka eta eginkizun berriak agertu dira, eta, esaterako, euskarazko irakaskuntza orokortu egin da, baina gazteek lan eremura jauzi egiten dutenean «hutsunea» nabaritzen dute.

Bengoetxearen esanetan, dema nagusietako bat da euskara «hautu desiragarri» bilakatzea, eta ez «betebehar huts». Eta asmo hori arlo sozioekonomikora ere eraman nahi dute, «milaka lagunek eremu horretan garatzen baitute euren eguneroko jarduna».

Hiru zutabe

Bengoetxeak esan duenez, administrazio publikoa, gizarte eragileak eta norbanakoak dira euskara biziberritzeko prozesua sostengatzen duten hiru zutabeak. Lanera prozesua lehen bi zutabe horien arteko elkarlanaren ondoriotzat jo du: «Entzute prozesu zabala, askotarikoa eta sakona egin dugu, badakigulako administrazioak bakarrik ezin duela lan osoa egin».

Lantaldeetako beharrari ekin aurretik, prozesuan parte hartu duten zenbait eragilek iritzia eman dute horren inguruan. Debako alkate Alazne Txurrukak (Gipuzkoa) nabarmendu du euskara erabiltzeak «nortasuna eta gertutasuna» eransten diola enpresari, eta bezeroek normalean eskertu egiten dutela hautu hori: «Ulertu behar dugu euskara ez dela gastua, inbertsioa baizik, eta etekina bueltan ekarriko duela». Ataungo alkate Martin Aramendi (Gipuzkoa) UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko presidente ere bada, eta lana mankomunitate gisa egitearen abantailak nabarmendu ditu: «Bakarrik erosoago egiten dugu lan, baina elkarrekin urrunago iristen gara».

Añanako alkate Juan Carlos Medinak (Araba) erdaldundutako eskualdeen ikuspegia ekarri du. Esan duenez, «oinarriak» ezarrita daude, euskarazko irakaskuntza orokortzearen ondorioz gaur egun bere udalerriko ume guztiek badakitelako euskaraz, baina orain «erabilpena sustatzea» da eginkizun nagusia, eta horretan lan arloak duen garrantzia nabarmendu du. Añanan, turismoaren sektorea gora doa, eta alor horretan zerbitzua euskaraz eskaintzea baitezpadakoa dela erantsi du.

Euskararen kontrako epaiak

Jardunaldiak hasi aurretik, EAEko Auzitegi Nagusiak euskararen kontra ebatzitako azken epaia baloratu du Bengoetxeak. Esan duenez, horrelakoek «kezka» sortzen diote, eta uste du «hausnarketa sakona» behar dela horien inguruan. Gogorarazi du alderdi politikoek bi proposamen desberdin aurkeztu dituztela Eusko Legebiltzarrean egoera horri erantzun bat emate aldera: «Azken 40 urteetan, adostasun zabala egon da euskararen inguruan, eta adostasun horrek ekarri gaitu gaur egungo egoerara», azaldu du; «oraingoan ere, ahalik eta adostasunik zabalena bilatzeko eskatu nahi diet alderdi politikoei».

EGUNGO EGOERAREN GAKO NAGUSIAK

  1. Arlo sozioekonomikoan, euskararen aldeko lan handia egiten da: kanpainak, ikastaroak, plangintzak eta abar. Baina hori «modu sakabanatuan» egiten da, eta batzuetan badirudi eragileak beti abiatzen direla hutsetik edo ekinbideak errepikatzen direla.

  2. Udalen artean baliabide desberdintasun handiak daude. Batez ere, udalerri txikiek nabarmendu dute laguntza behar dutela.

  3. Industriak, merkataritzak eta ostalaritzak oso beharrizan desberdinak dituzte. Industrian, batzuk oso aurreratuta daude, eta beste batzuk hasi ere ez dira egin; merkataritzan, gertutasuna eta jendearekiko harreman zuzena dute alde, baina «kanpainen saturazioa» sumatzen dute; ostalaritzan, berriz, oztopo dituzte ordutegiak, langileen txandakatze handia eta antzekoak.

  4. Oro har, kanpaina eta logotipoen saturazioa sumatzen da; eragileek «argitasuna» eta irudi komun eta erabilerraza hobesten dute.

  5. Gero eta gehiago, euskara balio erantsiko osagai gisa ikusten da; eskubide bat ez ezik aukera ere badela uste dute eragileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.