Aiaraldeko industria garatzeko mahai bat sortuko du Arabako Foru Aldundiak

Eskualdearen etorkizun ekonomiko eta industriala sendotzea du xede. Azaroaren 26an bilduko da lehen aldiz, eta aldundiak berak gidatuko du, Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Sailaren koordinaziopean.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, gaur goizean, Laudioko foru egoitzan. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, gaur goizean, Laudioko foru egoitzan. ARABAKO FORU ALDUNDIA
unai etxenausia
2025eko urriaren 23a
14:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Foru Aldundiak Aiaraldeko Industrializazioaren Aldeko Mahaia sortuko du, eskualdearen etorkizun ekonomiko eta industriala sendotzeko. Egitasmoa gaur goizean aurkeztu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, Laudioko foru egoitzan, Aiaraldean azken urteetan izan diren zailtasun industrialen testuinguruan.

Mahaia azaroaren 26an bilduko da lehen aldiz, eta aldundiak berak gidatuko du, Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Sailaren koordinaziopean. Mahaiaren zeregina izango da, beraz, Aiaraldeko egoera industrialaren diagnosi partekatua egitea eta lehiakortasuna handitzeko proposamen zehatzak lantzea.

Gonzalezek azaldu duenez, azken urteetan «ibarraren etorkizun industrialari buruzko ezkortasuna» sumatu du, Valvospain, Glavista eta Guardian bezalako enpresen itxiera eta Tubos Reunidoseko eta Maderas de Llodioko arazoak direla medio. Hala ere, ahaldun nagusiak baikortasunerako arrazoiak azpimarratu ditu: «Garaiz gaude, eta badaude albiste onak ere, hala nola Murgan Steel Phalt irekitzea, Laudion Vidralaren 75 milioi euroko inbertsioa egitea, eta Envases enpresaren emaitza historikoak».

Elkartasunera deitu du Gonzalezek: «Indarrak batu behar ditugu, mezu berri bat helarazteko: Aiaraldeak iragan, orain eta etorkizun industriala ditu. Alferrik dira ahalegin indibidualak; eskualdeak elkarrekin lan egin behar du, aurreiritzirik gabe eta ikuspegi partekatu batekin».

Aldundiaren mahaia, funtsean, ez da «ekimen bakartu bat izango», baizik eta Aiaraldea suspertzeko estrategia zabalago baten parte. Plan horretan sartzen dira azpiegitura, kultura, gizarte zerbitzu eta industrialdeen modernizazioan egindako inbertsioak, baita Aiara Industrial Lab proiektua ere, digitalizazioa, ekintzailetza eta jasangarritasuna bultzatzeko asmoz sortua.

Azkenik, Gonzalezek adierazi duenez, «sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza funtsezkoa da garapen iraunkorrerako eta enplegua sortzeko», eta «denen eskuzabaltasuna eta konpromisoa» eskatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.