EAEko aldizkari ofizialean Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren bi ebazpen argitaratu dituzte gaur. Energia berriztagarrien bi proiekturi eragiten diete: Aiaran (Araba) eraiki nahi duten Krabelin Solar parke fotovoltaikoari eta Otxandioko, Legutioko eta Ubideko lurretan egin asmo duten parke eolikoari. Aiarako egitasmoak bidean aurrera egiteko aurretiko baimena eskuratu du. Arabaren eta Bizkaiaren arteko lurretan egin asmo zuten parke eolikoak, berriz, ez du jaso Jaurlaritzaren oniritzia, azpiegitura egiteak kaltea eragingo liekeela-eta babes handia duten hegaztiei.
Ventaja Solar 13 enpresak Aiaran eraiki nahi duen parke fotovoltaikoaren proiektuaren bidea, baina, ez da amaitu oraindik: behin aurretiko baimena eskuetan, hamabost hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu parkea eraikitzeko ingurumen txostenean ezartzen diren neurri babesleak eta zuzentzaileak. Krabelin Solar egitasmoak behin betiko baimena lortuko balu, 10.500 plaka instalatuko lituzkete, denera 6 megawatt sortzeko ahalmena izango luketenak.Â
Sortutako energia Aiaran bertan dagoen ST Aiala 30.000 azpiestaziora bideratuko lukete. Hamar hektarea hartuko lituzke proiektuak, eta kalkulatu dute ia 4,1 milioi euroko aurrekontua beharko dutela eraikuntza lanetarako. Aiarako Udalak instalazio horren kontrako jarrera azaldu zuen.
Kastillo parke eolikoa, bertan behera
Aurkako jarrerak piztu zituen, hain zuzen, 2024an aurkeztu zuten Kastillo parke eolikoaren egitasmoak ere, eta, azkenean, ez du aurrera egingo. 2024ko maiatzean, Kastillo Bizirik izeneko herri mugimendu bat sortu zuen Otxandio, Legutio eta Ubide udalerrietako herritar talde batek egitasmo horren aurka. Proiektuari buruzko informazio gutxi jaso zutela salatu zuten orduan. Parke eolikoaren proiektuari mila alegazio aurkeztu zizkioten, eta proiektuaren aurka zortziehun sinadura baino gehiago bildu.Â
Plauri Energy enpresaren Kastillo parke eolikoaren egitasmoak, baina, ez du lortu Jaurlaritzaren oniritzia aurrera egiteko, ez dituelako betetzen ingurumen eraginaren adierazpena lortzeko baldintzak; izan ere, erakunde horrek adierazi du eremu horretan halako azpiegitura bat eraikitzeak kalte egingo liokeela babes maila handia duten hegaztiei. 20,5 milioiko inbertsioa egitea aurreikusia zuen Plauri Energy enpresak, eta 5 megawatteko potentzia izango luketen lau haize errota ipintzea.