EH Bilduk ohartarazi du Amurrioko Udalaren (Araba) finantza egoera «garai zail batean» dagoela. Udalaren aurrekontuak bi milioi euro baino gehiagoko «defizita» duela adierazi du. Horretaz gain, gastuak diru sarrerak baino «askoz handiagoak» direla nabarmendu du EH Bilduk. «Kontu publikoak fiskalizatzen dituen sailak ia 600.000 euroren inbertsioak eta proiektuak geldiarazi ditu azken hilabetean, kreditua eskura ez izateagatik», salatu du talde subiranistak. Amurrion «geldirik» dauden zenbait proiektu aipatu ditu koalizioak: eguneko zentro berria, frontoiaren proiektua, padel pistak hobetzea eta haur eskoletako plazak sortzea, besteak beste.
EH Bilduk gogorarazi du EAJren eta PSE-EEren arteko gobernuak ez duela Amurrioko diru kontuen egoera «onartu» nahi. Koalizio abertzalearen esanetan, pilatutako defizita eta Plan Ekonomiko Finantzarioa mahai gainean izan arren, udalak «aurrera» jarraitzen du: «Plan horrek erabaki zorrotzak hartzera behartzen du, udal proiektuak eta jarduera bera geldiarazteko».
Jon Berganza Amurrioko EH Bilduko bozeramaileak adierazi du udal kontuek «sobran» gainditzen dituztela diru sarrerak. Berganzak udalaren jarrera ere kritikatu du, egoera arinduko duten diru sarreren «zain» dagoelako. «Amurrioko Udalaren egoera finantzarioa egunean egunekoarekin bizi da, eta ezin dira gauzak planifikatu, kreditu faltagatik. Egoera hau konpontzeko, premiazko egiturazko neurriak hartu behar dira», azaldu du Berganzak.