Amurrioko Udaleko langile batzordeak salatu du udal gobernuak —EAJk eta PSE-EEk osatua— «modu irregularrean» egin duela euskara teknikariaren lanpostuaren ordezkapena. Batzordearen arabera, prozesuak «udalaren lan poltsen erregelamendua urratu du», eta, gainera, «ez ditu kontuan hartu udaleko zerbitzu juridikoen irizpide idatziak». Langileen ordezkariek azaldu dutenez, errekurtsoa aurkeztu zuten udalak erabakia berrikus zezan, baina udalak ez zuen erantzunik eman, «isiltasun administratiboa» baliatuta. Horren ostean udalak «justifikazio justifikaezinak» plazaratu zituela salatu dute. Arartekoari ere bizkar eman dio, batzordearen arabera.
Harago doa gatazka. «Gobernantza txarra, gardentasun falta eta errespetu instituzionalik eza» erakutsi dituela adierazi du batzordeak, eta arartekoaren ohartarazpen bati «jaramonik ez egitea» leporatu dio. Langileen ordezkariek gogorarazi dute aspalditik ari direla ohartarazten udalak «arbitrariotasunean, alde bakarreko erabakietan eta irizpide objektiborik gabeko kudeaketan» oinarritutako gobernantza eredua daramala. Hori dela eta, salatu dute «soldata igoera selektiboak, balorazio subjektiboak eta negoziaziorik eza» nagusitu direla lan harremanetan.
Horiek horrela, batzordeak arartekoarengana jo zuen: «Arartekoa argia izan da: udalari berariaz ohartarazpena luzatu dio ordezkapen irregular horrek eragindako pertsonari kalte ordaina emateko. Baina erantzukizuna bere gain hartu beharrean, gobernu taldeak arartekoari ere bizkar ematea erabaki du. Oso gertakari larria da».
Hain justu, bi mailatako «mespretxua» izan dela adierazi dute. Batetik, udalak batzordea «mespretxatu» duela salatu dute: «Batzordeak hilabeteak daramatza elkarrizketak, zorroztasuna eta benetako negoziazioa eskatzen; berehala hirurehun egun pasatuko dira, eta eskubide hori ofizialki urratuko du udalak. Izan ere, behartuta dago legez eta borondate onez negoziatzera hilabete bateko epean». Bestetik, arartekoarekin izandako jarrera gaitzetsi dute, haren funtzioa «ekitatea eta justizia bermatzea» dela kontuan izanda.
Batzordeak ohartarazi du, gainera, egoerak udalaren barne harremanetatik harago doala: «Udal batek arartekoaren ohartarazpenei jaramonik egiten ez dienean, herritarren konfiantza galtzen da, eta mezu arriskutsua zabaltzen da: arauak bete gabe utz daitezkeela ondoriorik jasan gabe».
Amaitzeko, udal gobernuari «egoera berehala zuzentzeko» eskatu dio batzordeak: «Arartekoaren gomendioa betetzeko eta autoritarismoan, opakutasunean eta mespretxu instituzionalean oinarritutako gobernantza ereduari amaiera emateko. Legearekiko, erakundeekiko eta pertsonekiko errespetua ez da barne kontu bat. Zerbitzu publikoaren eta etika demokratikoaren oinarria da».