Araba mendebaldeko biztanleek ES-Alerten mezua jasoko dute bihar, Garoñako ihes erradioaktibo baten simulakroagatik

Burgosko probintziako zentral nuklearrean ihes erradiaktiborik balego, Arabako Lantaron eta Gaubea udalerriei ere eragingo lieke, eta, beraz, bertako biztanleek ere jasoko dute alerta mezua telefonoz biharko simulakroan.

Garoñako zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Garoñako zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko apirilaren 29a
11:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako gobernu ordezkaritzak jakinarazi duenez, Gaubea eta Lantaron udalerrietako biztanleek ES-Alert telefono bidezko abisu sistemaren mezua jasoko dute bihar. Mezuaren helburua zera da, ihes erradiaktiboen aurkako erantzun mekanismoek ongi funtzionatzen ote duten ikustea. Beraz, ez bitez beldurtu apirilaren 30ean, 11:00etatik 11:30era, halako mezua jasotzen duten biztanleak, ez baita benetako larrialdia izango, simulakroa baizik. Halaxe irakurri ahalko dute jasoko duten mezuan, bidalitako SMSak «proba soila» dela adieraziko baitu. Hortaz, ez dute 112ra deitu edo beste inolako neurririk hartu beharko. 

Biharko proba Espainiako «probintzia nuklearretan», hots, lurraldean edo gertu zentral nuklearren bat duten eskualde guztietan egingo den simulakroaren parte da. Ihes erradiaktiboen aurkako planak eta alerta sistemak ongi funtzionatzen ote duten ikustea du helburu probak, eta, horretarako, zentral nuklearretatik hamar kilometrora baino gutxiagora bizi diren biztanleei aipaturiko mezua bidaliko zaie. Garoñako zentralari dagokionez, Lantaron eta Gaubea udalerrietako hainbat biztanle eremu horren barruan bizi dira, eta haiek ere jasoko dute mezua, «euskarara ere itzulita», gobernu ordezkaritzak zehaztu duenez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA