Urak edo, hobeto esan, haren eskasiak kezka berezia eragiten du udan, landa eremuan bereziki. Asparrenak (Araba) ur eskasiagatik ureztatzea debekatu duen honetan, lurralde bereko Burgelu eta Gaube udalerrietan lasai egoteko arrazoiak dituzte, Acuaes Espainiako enpresa publikoak 2014an eraikitako ureztatze azpiegiturei esker. 700 hektarea ureztatu ahal izatea ziurtatzen dute azpiegiturok, eta udan ur eskasia izatea eragozten dute.
Bada, datorren urteko urtarriletik aurrera, Arabako Foru Aldundia arduratuko da azpiegitura horiek kudeatu eta mantentzeaz. Orain arte, Acuaes bera arduratzen zen, baina bi erakundeek akordioa sinatuko dute laster, aldundia izan dadin kudeaketaren arduraduna. Azpiegitura horiek El Molinoko uharka (Burgelu) eta Omecillo ibaia (Gaubea) nekazaritza lurrekin konektatzen dituzte, hoditeria sistema baten bitartez. Lehorteak eta uholdeak saihesten laguntzen dute.