Etxebizitzaren arazoa Arabako bazter guztietara iritsi da, baita landa eremuko herri txikietara ere. Gaubeako udalerrian, esaterako, ez da alokairuan eskaintzen den etxebizitza bat bera ere ageri Idealista atarian begiratuz gero. Landa eremuko herri horietako gazteei eragiten dien arazo larri hori arindu nahian, Arabako Foru Aldundiak 760.000 euroren diru laguntzak emango dizkie zenbait udali, gazteei eskainitako alokairuko etxebizitzak zaharberritu ditzaten.
Hain zuzen, Aguraingo, Korresko eta Gaubeako udalei emango die diru laguntza hori aldundiak. Zehazki, Agurainek 520.000 euro jasoko ditu; Korresek, 96.000 euro, eta Gaubeak, 144.000 euro. Diru laguntza horiek etxebizitzak zaharberritzeko dira, eta honako baldintza hau bete beharko dute: etxebizitza horiek bereziki gazteentzako alokairura bideratzea.Â
Ez da etxebizitzaren krisia arintzeko aldundiak azken egunetan iragarri duen neurri bakarra: alokairu sozialera bideratzeko etxebizitzak erosteko diru laguntzak ere emango dizkie udalei. Bastidako eta Gaubeako udalek jasoko dituzte laguntza horiek. Bastidako Udalak 50.700 euro jasoko ditu, eta Gaubeakoak, berriz, 266.475 euro; guztira 317.175 euroren laguntzak, alegia. Laguntza horien bidez, «Arabako udalerrietan etxebizitza merkearen eskaintza handitzea» du helburu aldundiak.Â