Israelgo saskibaloi taldeak kanporatu ditzatela eskatu dute Arabako Batzar Nagusiek

Elkarrekin Arabak aurkeztutako mozioak eztabaida piztu du. EAJ, PSE-EE eta EH Bildu eskaerara batu dira, baina ez dira ados jarri mozioa onartzeko. PPren proposamena ere baztertu dute.

Buesa Arena pabiloian egindako protesta, Maccabiren aurkako partida batean. RAUL BOGAJO / FOKU
unai etxenausia
2025eko urriaren 22a
13:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Batzar Nagusietako talde gehienek aho batez adierazi dute Israelgo taldeak nazioarteko kirol lehiaketetatik kanporatu behar direla. Ez dute inolako moziorik onartu, ordea, bakoitzak bere proposamena bozkatu duelako. Elkarrekin Araba taldeak aurkeztutako mozioak piztu du eztabaida; mozio horretan, salatzen zen Buesa Arena —foru aldundiaren jabetzakoa da pabiloia— Israelgo Maccabi eta Hapoel Tel Aviv taldeek 2025-2026ko Euroligako partidak jokatzeko erabiltzea.

Urriaren 1ean, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek azaldu zuen aldundiak ez duela legegintzaz Israelgo taldeei Buesa Arenan jokatzea galarazteko gaitasunik, pabiloia Baskoniari utzita dagoelako.

Gaurko eztabaidan, ordea, zenbait taldetako ordezkariek Gazako sarraskiaren aurkako gaitzespena adierazi dute. EAJk eta PSEk, baita EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak ere, Israelgo kirol taldeak kanporatzeko eskaera egin dute, baina inolako erabaki ofizialik hartu gabe. PPk ere bere mozioa aurkeztu du, eta hori ere baztertu dute.

Elkarrekin Araba taldeko David Rodriguez ordezkariak salatu du EAJk eta PSEk «beste aldera» begiratzen dutela, mozioaren inguruko adierazpenik ez egiteagatik: «Horrek dena esaten du: Buesako ateek irekita jarraituko dute Israelgo taldeek jokatzeko».

Euroligak, bestalde, erabaki bat hartu du aste honetan: Israelgo taldeek berriro Israelen bertan jokatuko dituzte etxeko partidak abenduaren 1etik aurrera, Belgradeko (Serbia) «erbestea» utzita.

Israeldarrak Gernikara

Araba ez da kirol talde israeldarrak hartuko dituen bakarra. Israelgo Elitzur Ramla saskibaloi taldeak Lointek Gernika (Bizkaia) taldearen aurka jokatuko du azaroaren 25ean eta 27an, Gernika-Lumoko Maloste kiroldegian. Palestinarekin Elkartasuna plataformak talde israeldarrari boikot egitera deitu du, eta Gernikan jokatuko diren partidak gelditzeko mobilizazioak antolatuko dituzte.

Lointek Gernika taldeak partida hauen berri izan zuenean presidenteak ez jokatzearen aldeko jarrera adierazi izana txalotu du plataformak, eta baliteke taldeak partida jokatzeari uko egitea. Hala ere, plataformak azpimarratu du «herritarrek presio» egin behar dutela partida bertan behera gelditu dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.