Azaroaren 11rako greba orokorrerako deialdia egin dute sindikatuek eta bestelako eragileek, etxebizitzaren krisia dela-eta bizileku duin baterako eskubidea aldarrikatzeko. Deialdi hori hasi da oihartzuna izaten askotariko sektoreetan, eta baliteke Arabako agenda politikoan ere eragina izatea. Izan ere, Arabako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten ezkerreko indar politikoek Batzar Nagusietako mahaiari eskatu diote bertan behera utz dezala egun horretan egitekoa den osoko bilkura, grebarekin bat egiteko.
EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Ahal Dugu izan dira egitasmoa babestu dutenak. Mahaiari bidalitako idatzian, adierazten dute «etxebizitza eskubidea bermatuko duen soldata duin baten alde deituriko grebarekin bat» egingo dutela, eta, horrenbestez, eskatzen dute Batzar Nagusien egutegia aldatu eta bertan behera uzteko egun horretarako aurreikusita dagoen osoko bilkura. Eskaera hori aurkeztu duten taldeek 26 batzarkide dituzte orotara, baina erabakia ez du Batzar Nagusietako osoko bilkurak hartuko, bozeramaileen batzordeak baizik, asteartean.Â