Mahatsaren orpotik ei dator mama gozoa, baina ez beti. Batzuetan, ardogileek mahatsaren uztaren parte bat heldu baino lehen suntsitzen dute, ekoizpena txikitu eta prezioak kontrolatzeko. Uzta berdea deritzon praktika horrek Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak jasotzen ditu.
Aurten, ordea, eskaera nabarmen gutxiago izan dira Arabako Errioxan. Aurreko kanpainan 415 eskaera jaso zituen Nekazaritza Sailak, denera 1.340 hektarea hartzen zituztenak, baina azkenekoan 166 eskaera jaso dituzte; hau da, %60 apaldu da eskaera kopurua, eta %48,5 eskaeren eraginpeko eremua.
Nekazaritza Sailak espero baino txikiagoa da eskaerei dagokien eremua, 1.000 hektarea ingurukoa izatea espero baitzuten, eta 166 eskaera horiek 690 hektarea baino ez baitituzte hartzen. Baliteke jaitsiera horrek lotura izatea 2025eko uztaren ezaugarriekin: azken urteetako txikiena izan zen, eguraldi hezeak mildiu onddoa zabaldu zuelako.
Jaurlaritzaren arabera, «kanpainaren bilakaera eta sektorearen erantzuna» islatzen ditu datu horrek; testuinguru ekonomiko honetan ardogileak ekoizpena emendatzen saiatzen ari direla, alegia. Hortaz, mahats gutxiago suntsituko da heldu baino lehen, eta espero izatekoa da edari kantitate handiagoa izatea ekoizpen prozesua amaitzean.