Arabako Foru Aldundia arrisku kapitaleko funts batean sartu da lurraldeko biozientzia enpresetan inbertitzeko

Foru Aldundiak 300.000 euroko ekarpena egingo dio funtsari, eta horrek, trukean, sektoreko enpresetan gutxienez kopuru hori inbertituko duela hitzeman du.

Saray Zarate foru diputatua, inbertsio funtseko eta Baigeneko ordezkariekin. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Saray Zarate foru diputatua, inbertsio funtseko eta Baigeneko ordezkariekin. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urtarrilaren 9a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Foru Aldundia biozientzien sektorea indartu nahian dabil azken urteetan, eta helburu horretarako neurri sorta zabala hartu du azkenaldian —dirulaguntzak, hobari fiskalak...—. Horietako azkena da gaur iragarri dutena: Double Helix Venture Fund izeneko arrisku kapitaleko funtsean sartu dela iragarri du Aldundiak, biozientzien sektoreko enpresei kapitala emateko. Erakundeak 300.000 euroko ekarpena egin dio arrisku funtsari, eta, trukean, Double Helixek Arabako biozientzia sektoreko enpresetan kopuru horixe bera, hots 300.000 euro, inbertituko dituela iragarri dute.

Foru Aldundiak «biozientzien ekosistema babesteko» martxan duen planaren baitan kokatu du akordioa. Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako foru diputatuak adierazi duenez, «operazio honek biozientzietarako dugun ibilbide orria indartzen du, eta kapital espezializatua bermatzen die ahalmen handia duten Arabako enpresei».

Inbertsioen lehenengo helburua zein izango den ere adierazi dute: Baigene enpresa, hain zuzen ere. Miñaoko Arabako parke teknologikoan dago enpresa, eta, haien web orrialdearen arabera, konpainia «2013an jaio zen informazio genetikoaren bidez (...) kirol errendimenduan bikaintasuna lortzeko». Genetic fitness deritzon sektorekoa da, beraz, enpresa; biozientzietako alor horren helburua zera da, entrenamenduak eta elikadura pertsonalizatzea, bezeroen informazio genetikoa laborategian analizatu eta kontuan hartuta.

Double Helix Venture Fund inbertsio funtsak hamar milioi euro inguruko kapitala du. Sortze edo hazkunde fasean dauden enpresetan arrisku handiko inbertsioak egiten dituzte mota horretako funtsek. Foru Aldundiak azaldu duenez, funts horrek «bioteknologiaren eta osasunaren arloko enpresei laguntzea du helburu, bereziki proiektu sendoak eta hazteko potentzialak dituztenei. Funtsak 500.000 eta 1.000.000 euro arteko inbertsioak egiten ditu enpresa bakoitzeko». Inbergune Capital Partners sozietateak —Donostian du egoitza— kudeatzen du funtsa. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren arabera, Moira Capital Investments eta Inbergune Management enpresek osatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.