Arabako Foru Aldundiak %21 gehiago inbertituko du ikus-entzunezkoen sektorean

302.600 euroren laguntzak banatuko ditu guztira, orain arteko gehien.

Iñake Irastorza, Paul Urkijo, Xabi Lopez eta Erika Olaizola, 'Gaua' filmaren afixaren aurrean. JON URBE / FOKU
Iñake Irastorza, Paul Urkijo, Xabi Lopez eta Erika Olaizola, 'Gaua' filmaren afixaren aurrean. JON URBE / FOKU
unai etxenausia
2025eko abenduaren 3a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako zinema inoizko boladarik oparoenean dago. Horren erakusgarri da Paul Urkijo zuzendariaren Gaua filmaren arrakasta, besteak beste. Talentu berriak bilatzeko asmoarekin, Arabako Foru Aldundiak indartu egin nahi du lurraldeko ikus-entzunezkoen sektorea. Beraz, 2025eko dirulaguntzen deialdirako inoizko inbertsiorik handiena onartu du: 302.600 euro dira denera, iaz baino %21 gehiago. Guztira 21 proiektutan kolaboratuko du foru erakundeak, «sendotu» egin nahi baitu «sektorea lurraldeko ardatz kultural eta ekonomiko gisa bultzatzeko estrategia».

Aldundiak 2018an ekin zioten diru laguntzak emateari, eta, ordutik, 155 proiektu babestu ditu, eta gutxi gorabehera bi milioi euroren inbertsioak egin. Besteak beste, Irati, Ane, La pequeña Suiza eta 20.000 especies de abejas filmak sortzeko prozesuetan parte hartu du. «Gure helburua da talentua sortzea eta Araban ikus-entzunezko ekosistema sendoa eraikitzea», azaldu du Saray Zarate Ekonomiaren Garapenerako eta Iraunkortasunerako foru diputatuak.

Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Iraunkortasunerako foru diputatua. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Saray Zarate Ekonomiaren Garapenerako eta Iraunkortasunerako foru diputatua. ARABAKO FORU ALDUNDIA

Diru laguntzak dibertsifikatuko ditu aldundiak, sektoreko alor batera baino gehiagotara zabaltzeko. Lau alor zerrendatu ditu diputatuak: 102.600 euro zinemarako eta plataforma digitaletarako proiektuak garatzeko; 60.000 euro fikziozko film luzeak eta dokumentalak ekoizteko; 90.000 euro film laburrak ekoizteko, eta 50.000 euro gidoigintzarako. Gainera, nabarmendu du «euskarazko sorkuntza lehenetsi» egingo dutela.

Babes ekonomikoa emateaz gain, estrategia integral bat abiarazi nahi du aldundiak, «ikus-entzunezkoak dibertsifikazio ekonomikoaren zutabeetako bat bihurtzeko». Helburu horrekin lotuta daude Gasteiz Araba Film Commission egitasmoa, Apika elkartearekin abiatutako prestakuntza eta garapen proiektuak, eta Ikus-entzunezkoen Aiaraldeko Hub-a. Gune hori berria da, eta aholkularitza, laguntza teknikoa eta ekoizpenerako azpiegiturak eskainiko ditu.

Azkenik, Arabak duen potentziala goraipatu du Zaratek: «Arabak talentua, kokaleku paregabeak eta pizgarri fiskalak uztartzen ditu; aukera hori baliatu nahi dugu lurraldea ikus-entzunezkoen mapan erreferente bihurtzeko». Izan ere, haren iritziz, sektoreak eragin zuzena du bai ekonomian bai lurraldearen irudian: «Ikus-entzunezko proiektuek, gure istorioak kontatzeaz gain, Araba zer den erakusten dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.