Beren aurrekontu proiektuak aurkeztean, aldundietako arduradunek gustuko izaten dute gizarte gastuan egiten duten ahalegina nabarmentzea. Hori egin du gaur Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, baina datu eta iragarpen batzuekin justifikatu ditu bere hitzak. Horrela, aldundiaren aurrekontua %3,5 handituko da 2026an, 727 milioi euroraino, baina hori halako bi igoko da gizarte gastutzat jotakoa, %7. Arlo horretako inbertsioen artean dago Samaniegoko zahar etxea berritzea, baita Laudion desgaitasunen bat dutenentzako zentroa irekitzea eta bi harrera zentro eraikitzea ere. Gainera, Amurrioko San Anton egoitzan eta Etxebidea zentroan 5,77 milioi euro inbertituko ditu.
«Zaintzeko modua aldatzen ari gara, eredu hurbilago eta gizatiarrago baten alde eginez», nabarmendu du Gonzalezek Gasteizen, Itziar Gonzalo Ogasun eta Finantza diputatuarekin batera 2026rako aurrekontu proiektua aurkezterakoan. Ahaldun nagusiaren arabera, aurrekontua «pertsonen bizitzan eragin zuzena duten foru politikak indartzera» bideratu dute. Horren erakusle izango litzateke gizarte politiketarako ia 315 milioi jarriko direla, guztizkoaren %43 inguru. Gizarte gastuaren igoera inflazio aurreikuspena halako hiru dela nabarmendu du Gonzalezek, eta horri esker inoizko «aurrekonturik sozialenak» egin dituztela.
Lehiakortasuna eta berrikuntza
Ekonomia sustatzeko eta sare produktiboa sendotzeko, aldundiak 63 milioi euro jarriko ditu lehiakortasunerako, berrikuntzarako eta inbertsio estrategikoetarako. Horien artean nabarmentzen dira Ardoaren Bikaintasun Zentroaren lehen lanak (4,67 milioi), Mercedes automozio zentroa (1,25 milioi) eta Gasteizko Principal antzokiaren erreforma (3,55 milioi).
Bestelako proiektuak finantzatuko ditu aldundiak. Forondako aireportua indartzeko 1,4 milioi euro aurreikusi dira, eta BAM fabrikazio aurreratuko ikerketa zentroaren garapenerako beste, 1,2 milioi. Turismoaren arloan, 3,6 milioi euro jarriko dira Araba «bikaintasunezko helmuga iraunkor eta irisgarri» gisa sendotzeko; horietatik bi milioi turismo adimenduneko plataformarako izango dira, eta 700.000 euro, tokiko merkataritza eta artisautzarako.
Tokiko erakundeek 30,7 milioi euro gehiago jasoko dituzte aurrekontu berriekin, hau da, urtean 1.144 euro biztanleko. Etxebizitzaren arloan, 4,6 milioi euro jarriko dira landa eremuan biztanleria finkatzeko: partikularrentzako birgaitze laguntzak, udalentzako erosketa eta erreforma planak eta alokairuaren berme sistemak barne.
Lehen sektorean, berriz, 18 milioi euro banatuko dira: 10,8 milioi modernizaziorako, 2,7 abeltzaintzarako, 2,3 mahastizaintzarako eta milioi bat ureztatzeko.
Gazteria, kultura eta berdintasuna
Gizarte politiketatik kanpo dauden baina pertsonengan eragina duten hainbat diru sail ere zehaztu dituzte: Gazteriaren Foru Erakundekoa (4,4 milioi), kirola sustatzeko programetakoa (3,3 milioi), kultura egitasmoetakoa (2,4 milioi), euskararen sustapenekoa (2,2 milioi) eta berdintasun politikak indartzeko proiektuetakoa (800.000 euro).
Horrez gain, 1,8 milioi euro erabiliko dira enplegua sustatzeko, bereziki kolektibo zaurgarrien artean. Administrazio digitalago eta parte hartzaileago baterako 5,28 milioi euro aurreikusi dira, eta 550.000 euro politika interkulturaletarako. Gazteentzako etxebizitza politiketan, 1,2 milioi euro jarriko dira 36 urtetik beherakoentzat, erosketarako abal moduan.
Ingurumena eta mugikortasuna
Ingurumenaren eta mugikortasun iraunkorraren arloan, aurrekontuak 115,4 milioi euro jasotzen ditu. Eremu horretan daude hondakinen kudeaketa (15,5 milioi), uraren ziklo integralaren hobekuntza (9,6 milioi), klima aldaketari aurre egoteko ekintzak (7 milioi) eta basoen kudeaketa (4,4 milioi).
Mugikortasun Sailak 51,4 milioi euro izango ditu, guztizkoaren %9,4. Horietatik, 15 milioi garraio eta ordainlekuen kudeaketarako izango dira —Aldundiak 2026an AP-68aren kudeaketa bere gain hartuko du—, 12,3 milioi errepideetako mantentze lanetarako, eta 23,6 milioi inbertsio berrietarako.
Negoziazioa
Aurrekontuek aurrera egin dezaten, beste talde baten babesa behar dute Arabako aldundia osatzen duten bi alderdiek, gehiengo osorako bi boto falta zaizkielako —50 batzarkideetatik 24 dituzte—. Hori dela eta, «akordio zabalak» lortu nahi dituela ziurtatu du Gonzalezek. Oraingoz ez da adostasunik lortu ez EH Bildurekin, ez PPrekin, ezta Elkarrekin Arabarekin ere. Hala ere, Gonzalezek baieztatu du negoziazio epe bat irekiko dutela aurrekontuak Batzar Nagusietan onartu ahal izateko. «Daukagun gobernuarekin koherenteak dira aurrekontuak. Oposizioko alderdiekin hitz egiteko prest gaude, baina proposamen hauetan oinarrituta. Akordioak lortu behar dira, interes alderdikoien gainetik», azaldu du ahaldun nagusiak.
EH Bilduk, berriz, «borondate irmoa» erakutsi du azken asteotan iaz sinatutako akordioaren jarraipena egiteko. Eva Lopez de Arroiabe koalizioko bozeramaileak Batzar Nagusietan adierazi zuenez, «ez dakigu astea amaitu baino lehen akordiorik izango dugun, baina zuzenketen prozesuan badago denbora negoziatzeko».
EH Bilduren ustez, EAJk eta PSEk argi izan behar dute bi aukera daudela: «EH Bildu ez da egongo muturreko eskuinak eta eskuin muturrak Arabako politikaren norabidea markatzen duten akordioetan. Bi aukera daude: PPrekin atzera egitea edo etorkizunari begiratzea EH Bilduren eskutik».
EH Bildurekin bakarrik ez, beste alderdiekin ere negoziatzen ari da foru gobernua. PPk aukera hori baztertu du oraingoz, eta Elkarrekin-ek negoziatzen jarraitzen du.