Arabako Foru Aldundiak urtea amaitu baino lehen gauzatuko du ezpeletako sitsak lurraldean duen eraginaren buruzko azterketa sakona. Halaber, izurriaren hedapena «zorrotzago kontrolatzeko» konpromisoa hartu du, betiere biodibertsitatearen kontserbazioarekin guztiz bateragarriak diren tresna eta baliabide tekniko egokien bidez. Neurriak gaur berretsi dira Arabako Batzar Nagusietako Nekazaritza Batzordean, EH Bilduren eta EAJ eta PSE-EEren koalizio gobernuak lortutako adostasun bati esker. Alderdi Popularrak eta Elkarrekin Ahal Duguk ere babestu dute neurria.
Adostutako testuak aldundiari eskatzen dio ezpeletako sitsaren egungo banaketa, eragindako kalteak eta eremu berrietara zabaltzeko dagoen arriskua «zehatz-mehatz» ebaluatzeko. Horrekin batera, atzemate goiztiarreko sistemekin jarraitzeko eskatzen zaio Aldundiari, egoeraren bilakaerari buruzko informazioa «etengabe» eguneratuz eta kontrol neurri «eraginkorrak» abian jarriz.
Bestalde, Arabako Batzar Nagusiek aldundiari eskatu diote egindako nahiz aurreikusitako jarduerak gainerako administrazio eskudunekin eta jabeekin «modu koordinatuan» lantzea. Etorkizunean prebentzioa eta kudeaketa bateratua bermatuko dituen «jarduera protokolo zehatz bat» garatzeko eskatu dute Batzar Nagusiek.
Erantzun azkarraren beharra
EH Bilduk ohartarazi du Asiako Cydalima perspectalis ezpeletako sitsa espezie inbaditzaile arriskutsua dela: «Sitsak ezpelen hostoez elikatzen dira, landareak pixkanaka ahulduz eta kasu batzuetan zuhaixken azalera zabalak desagerraraziz». Endika Saez de Adana EH Bilduko batzarkideak azaldu duenez, 2025ean Lagrango eta Bernedoko (Araba) udalerrietan detektatu zen izurria, eta neurri azkarrik ez hartzekotan Arabako eremu berrietara hedatzea aurreikusten da.
Saez de Adanak azpimarratu du ezinbestekoa dela mehatxua behar bezala «ebaluatzea eta kudeatzea». Halaber, udalaz gaindiko arazo bat denez, administrazioen arteko koordinazioa eta atzemate goiztiarreko zein jarraipeneko sistemak eskatu ditu: «Ezin dugu itxaron kalteak zabaldu arte, kontrol neurriak egoki aztertu behar dira, gure natur ondarea babestu eta administrazioek modu koordinatuan jarduten dutela bermatu».