Arabako gizarte politiketako foru diputatu Gorka Urtaranek adierazi du udatik %50 handitu dela bidaiderik gabe iritsi diren adingabeen kopurua: 230 inguru iritsi dira. Bada, aldundiak Espainiako administrazioari eskatu dio —hark baitu horretarako eskumena— horietako zazpi jaioterrira itzularazteko, «ez direlako hemengo arauetara egokitu, eta jokabide txarrak izan dituztelako».
Lurraldea «salbuespen egoeran» dagoela azaldu du, eta iritsierek goia jo zutela azaroan eta abenduan: «Ia 120 adingabe artatu genituen iazko azken bi hilabeteetan». Ugaritze horren arrazoietako bat iristeko metodo berri bati egotzi dio: «Asko gurasoekin edo familiako kideekin iristen dira, bisa bat dutela. Eta hona iristean, haien ardura zutenek alde egiten dute, eta adingabeak gizarte zerbitzuetan aurkezten dira». Eta adierazi du 34 adingabe iritsi direla horrela. Azaldu du halakoetan jatorrizko lurraldearen enbaxadarekin edo zuzenean adingabeen familiako kideekin harremanetan ipini direla.
Kontraesan hutsa
Sos Arrazakeria Araba elkarteko Fede Garciak Gorka Urtaranen adierazpenak gaitzetsi ditu: «Kontuz ibili behar da esaten denarekin. Ez badira gure lurraldera egokitzen, gure ardura da saiakera ekonomiko, sozial eta politiko handiagoak egitea». Gaineratu du saiakera horiek egiteko ahalmena ukaezina dela: «Urtero ehunka mila turista jasotzeko gaitasuna dugu, baina hamarnaka edo ehunka gazte ezin ditugu artatu?».
Horrez gain, Sos Arrazakeria Arabako eledunak adierazi du diskurtso arrazisten gorakadaren arrazoietako bat polizia atxilotuen jatorriari buruzko informazioa hedatzen ibiltzea dela: «Egindako delituengatik ordaindu behar dute, noski, ez gaude horren aurka. Baina jatorriari erreferentzia egitea sobran dago, diskriminazio oso mingarria eragiten du».