Arabako Foru Aldundiak Lantziegoko Mantible zubiko arkua zaharberritu du

Berritze lanen bidez, zubiaren egonkortasuna bermatu dute. Ia 240.000 euro jarri ditu foru erakundeak.

Lantziegoko Mantible zubia XI. mendekoa da. Artxiboko argazkia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Lantziegoko Mantible zubia XI. mendekoa da. Artxiboko argazkia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2026ko uztailaren 16a
16:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lantziegon (Araba) dagoen XI. mendeko Mantible zubiko arkua zaharberritu du Arabako Foru Aldundiak. Lanek 238.164 euroko kostua izan dute, eta, lanen bidez, egituraren egonkortasuna bermatu dute. Zubia 164 metro luze ere izan zen, eta bost metro zabal, erdi puntuko zazpi arkuk eutsia. Asako meandroan dago Mantible zubia, eta Araba eta Errioxa lotzen zituen ondare historiko bat da. Gaur egun, bi arku ditu zutik: bata Guardian (Araba), eta bestea Logroñon (Errioxa, Espainia).

Arabako Foru Aldundiak eta Logroñoko Udalak 2021ean hasi zuten elkarlana, eta Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuaren bidez zahaberritu dute Mantible zubia. Prozedura luze baten ondoren —Ebroko Ur Konfederazioaren ingurumen eta arkeologia baimen konplexuak lortu behar izan baitziren—, 2025eko irailean hasi ziren obrak.

Ondarea kontserbatzeko irizpideak errespetatuz, zenbait prozesu izan ditu zaharberritze lanak. Hasteko, landaredia eta sustraiak eskuz kendu dituzte garbiketa eta saneamendua egiteko. Gero, lau pilareen barrualdea indartu egin dute, arkuaren pisua orekatu eta haren egonkortasuna hobetzeko. Horrez gain, jatorrizkoaren antzeko kareharria erabili dute, zati berriak eta zaharrak maila desberdinetan bereizita. Azkenik, arkuaren goiko aldea irazgaiztu dute kareorezko geruzak eta material tradizionalak aplikatuz, ura behar bezala husten dela ziurtatzeko eta iragazketak eragozteko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA