Arabako Foru Aldundiak lizitaziora atera ditu berriro Armiñongo lotunea handitzeko lanak

AP-1 eta A-1 errepideen bat egiten duten gunea zabaldu egingo du, eta, bi lerro izan ordez, hiru izango ditu Gasteizko noranzkoan. Lanek 23 milioi euroko aurrekontua dute.

Armiñongo lotunea handitu egingo dute: lerro bat gehiago jarriko dute Gasteizko noranzkoan. BERRIA
Armiñongo lotunea handitu egingo dute: lerro bat gehiago jarriko dute Gasteizko noranzkoan. BERRIA
2026ko uztailaren 16a
16:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Foru Aldundiak oniritzia eman dio gaur Armiñongo lotunea handitzeko bigarren faseari. Lanen lizitazioa egin du, bigarrenez. Apirilean ere atera zituen lehiaketara, baina ez zen inor aurkeztu eta adjudikatu gabe geratu ziren. enpresek argudiatu zuten kostuak handitu egin zirela Irango gerra piztearekin batera. Ondorioz, aldundiak handitu egin du aurrekontua: 19 milioi euro ziren lehen, eta 23 milioi dira orain.

Armiñongo lotunea handitzeko bigarren fasean, lerro bat gehiago jarriko dute AP-1 eta A-1 autobideek bat egiten duten lekuan. Hala, Gasteizerako bidean bi lerro izan ordez hiru izango dira aurrerantzean. Horretarako, ekialdeko biribilgunearen gainean dauden bi zubiak aldatu egingo dituzte. Sobran dauden erreiak, berriz, kendu egingo dituzte: gaur egun bost lerro dauden gune horretan, hiru lerro izango dira 1.500 metroan zehar.

Lan horiek eginda amaituko da Armiñongo lotunea handitzeko proiektua. Lehen fasea 2024 eta 2025 artean egin, eta urte 2025eko ekainean inauguratu zuten, bost milioi euroko inbertsioari esker. Fase horretan, lerro baten tokian bi jarri zituzten A-1 eta AP-1 errepideen arteko lotura Burgosko noranzkoan (Espainia), Aste Santuan eta udan sortzen ziren auto ilarak konpontzeko.

Arabatik Burgosera arteko AP-1en zatia Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zen 2018an, eta Arabako Foru Aldundiak kudeatzen du 2019az geroztik. Orduz gero, ez dago ordainlekurik zati horretan: doakoa da errepidea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA