Arabako Foru Aldundiak babesa emango die Marokon espetxeratutako bederatzi sahararren familiei

Zigorra betetzen ari diren presoen senideen lekualdaketa, egonaldia eta laguntza «erraztea» da egitasmoaren helburua. Espetxeratuak giza eskubideen alde egiten duten aktibistak dira.

Gdeim Izikeko presoen senideak eta lagunak, euren askatasuna aldarrikatzen, Saleko epaitegiaren aurrean, Marokon. ABDELHAK SENNA / EFE.
Gdeim Izikeko presoen senideak eta lagunak, euren askatasuna aldarrikatzen, Saleko epaitegiaren aurrean, Marokon. ABDELHAK SENNA / EFE.
Aratz Aranburu
2026ko urriaren 20a
14:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Foru Aldundiak Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Arabako Mekanismoaren (MAP) ekintza bat onartu berri du, Marokon espetxeratutako bederatzi sahararren familiei laguntzeko. Marokoko kartzeletan zigorra betetzen ari diren presoen senideen lekualdaketa, egonaldia eta laguntza «erraztea» da egitasmoaren helburua.

Espetxeratutakoak Gdeim Izik taldeko kide dira; «urteak» daramatzate giza eskubideen aldeko aktibismoan. Nazio Batuen Erakundeko sail batzuek «zalantzan» jarri dute atxiloketa horien legezkotasuna, eta «kezka» agertu dute kartzelatzeko baldintzak, bakartze aldi luzeak eta torturen eta tratu txarren salaketak direla eta.

Beren jatorrizko lekuetatik eta familiengandik urrun dauden hainbat espetxetan sakabanatuta egoteak «zaildu» egiten du harremana eta haien osasun egoeraren jarraipena egitea. Horregatik, senideen laguntzak «garrantzi berezia» hartzen du egungo egoeran, nahiz eta zaintza lanak «oso baldintza konplexuetan» egin.

Lankidetzan oinarritua

Ekinaldia Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza sailei esker jarri da martxan, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak «modu baketsuan» sustatzen dituzten pertsonei eta kolektiboei eragiten dieten «premiazko egoerei» azkar erantzuteko. 

Saharako Lagunen Euskal Elkarteen Federazioak eskatu du laguntza, eta 8.000 euroko zuzkidura du. Ekintza lankidetzan garatuko da, giza eskubideen defentsan eta espetxeratutakoei zein haien familiei laguntzen dieten erakunde sahararrekin batera.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA