Hamar urte igaro dira Arabako Foru Aldundiak Arabako Suhiltzaileen Erakunde Autonomoa sortu zuenetik. Arabako foru suhiltzaileek, ordea, ez dute lan hitzarmenik izan beren historiako hamar urte horietan. Akordio hori sinatzeko azken hilabeteetan egin diren negoziazioetan, beren lan baldintzak aldundiko gainerako langileenekin parekatzea zen suhiltzaileen aldarri nagusia, eta horixe bera lortu dute gaur izenpetu den akordio horrekin, ELAk jakinarazi duenez. 30 bat langile ditu gaur egun zerbitzuak, eta, sindikatuaren arabera, %73k hitzarmenaren alde bozkatu dute.Â
Lan hitzarmen berriak segurtasuna emango die zerbitzuko beharginei. Izan ere, ELAk salatu duenez, orain arte suhiltzaileen lan baldintzak «unean uneko kudeatzailearen mende» zeuden, eta, «tradizioz» Udalhitz hitzarmena aplikatu bazaie ere, «egoera gatazkatsua izan denean» Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan jasotako «gutxieneko eskubideak» soilik izan dituzte. Langileen baldintzak aldundiko beharginen baldintzekin parekatzeaz gain, zerbitzuak funtzionatzeko «funtsezkoak» diren bestelako gaiak ere adostu dituzte hitzarmenaren barruan. Besteak beste, «kronograma bat» ezarri dute «ezinbestekoak» diren beste eginbehar batzuei aurre egiteko.
Izan ere, oraindik zehazteko daude larrialdietan langileek ezohiko deialdiak egiteko prozedura, lanpostuen balorazioa, eta beste afera batzuk, eta gabezia horiek konpontzea aurreikusten du hitzarmen berriak. Lorpenak lorpen, ordea, ELAk salatu du langileak ez direla zuzenean aldundiarenak izango, erakunde autonomo batenak baizik. Aldundiak suhiltzaile horiek zuzenean kontrata zitzala, horixe bera zen, sindikatuaren arabera, haien aldarrikapen «nagusia», baina ezin izan da gauzatu aldundiaren «borondate falta» dela medio, ELAk salatu duenez.