Toponimiaren ikerketa garrantzi handiko gaia da hizkuntzaren normalizaziorako. Halaxe adierazi zuen Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzainak duela aste batzuk BERRIAri emandako elkarrizketan. Dena dela, normalizaziorako bakarrik ez, hizkuntzaren historia ulertzeko ere funtsezko tresna da toponimia, leku izenek luzaro irauten baitute, hizkuntza toki horretatik desagertu ostean ere. Hortaz, balio historiko handia du Euskaltzaindiak eta Arabako Foru Aldundiak atzo jendaurrean aurkeztu zuten lanak. Toponimia histórica y contacto vasco-románico du izena liburuak, eta Gaubea eta Erriberagoitia (Araba) udalerrietako eta Burgosko Berberana eta Villalba de Losa herrietako toponimia historikoa aztertu dute bertan. Roberto Gonzalez de Viñaspre bera, Ibon Olarizegi eta Pedro Uribarrena dira ikerketaren egileak.
Euskaltzaindiak azaldu duenez, «Arabako historia linguistikoaren ezagutzan sakontzeko» asmoz egin dute ikerketa hori. Horretarako, luzaroan hizkuntzen arteko «ukipen gunea» izandako lurralde bat hautatu dute, historikoki, Araba mendebaldeko herri horietan baitzegoen euskararen eta erromantzeen arteko muga. Azterketa lana osatzeko, 600 toponimo historikotik gora aztertu dituzte, haietatik erdiak, 300 inguru, euskarazkoak, eta gainerakoak erromantzeak.
Euskara bizirik XV. mendera arte
Gonzalez de Viñasprek azaldu duenez, ikerketak erakusten du historikoki Arabako lurralde horretan erromantzea zela nagusi. Izan ere, lehen iturrietatik hasita ageri da erromantzea inguru horretan, «nagusitasunez». Hala ere, lehen iturri dokumental horiek erakusten dute «euskararen presentzia ere» badagoela hasieratik lurralde horietan, «txikia bada ere». Ikertzaileen arabera, toponimiaren datuek erakusten dute euskara «bizirik edo erabilgarri» zegoela «komunitate batzuentzat» lurralde horietan, «gutxienez» XV. mendera arte.
Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, liburua «mugarri sendo bat» da Arabako toponimiaren azterketan, eta horrelako lanak beharrezkoak dira etorkizunera begira ikerketa zehatz eta zorrotzak egiteko. Aipaturiko toponimoak ordena alfabetikoan aurkezten ditu liburuak, herrika antolatuta, eta bakoitzaren «interpretazio etimologikoa» aurkituko du bertan irakurleak, lurraldearen izen historikoak ezagutu eta ulertzeko.