Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Arabako Komunitate Energetikoen Kongresua antolatu dute azaroaren 10erako eta 11rako, Gasteizko Goiuri jauregian. Bertako eremutik eraldaketa globalera lelopean, adituak, erakundeetako ordezkariak eta gizarte eragileak bilduko dira, elkarri norbere esperientziak kontatzeko eta komunitate energetikoen orainari eta etorkizunari buruz eztabaidatzeko.
Bi jardunaldietan, hainbat gai landuko dira: komunitate energetikoek trantsizio energetikoan duten zeregina, irtenbide berritzaileak, finantzaketa aukerak eta Arabako esperientzia arrakastatsuak. Kongresuari amaiera emateko, tailer parte hartzaile bat egingo dute, 2030era begirako ibilbide orri bateratua diseinatzeko.
Ekitaldia publiko orokorrari irekia izango da, eta parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei, komunitate energetikoei, sektoreko enpresa elkarteei, industriako eta merkataritzako ordezkariei, unibertsitateetako eta ikerketa zentroetako kideei, eta erakunde publiko eta pribatuei. Hitzaldi eta eztabaida mahaiez gain, networking eta lankidetzarako guneak eskainiko dira, Arabako energia komunitateen arteko sarea sendotzeko eta esperientzia trukea sustatzeko. Doan parte hartu ahalko da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea.
Saray Zarate, Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasuneko diputatuaren arabera, Arabako Eraldaketa Komunitarioko Bulegoen bidez «hogei bat talde» ari dira komunitate energetikoak sortzeko lehen urratsak egiten: «Bidezko trantsizio energetikoa lortzeko oinarriak jartzen ari gara».
Bestalde, Borja Rodriguezek, Gasteizko Udaleko Hiri Ereduaren, Hirigintzaren eta Ingurumenaren zinegotziak, nabarmendu du udalak «energia komunitateen aldeko apustua» egin duela 2030eko Agendaren eta Europako misio klimatikoaren helburuen barruan: «Helburua da hamarkada amaitu aurretik hiriak neutraltasun klimatikoa lortzea».