Europa osoan EBk Mercosurrekin egindako akordioaren aurka mobilizazioak egin dituzte lehen sektoreko ekoizleek, baita Arabako nekazari eta abeltzainek ere. Haien ahotsa entzunarazteko asmoz irten dira gaur goizean kalera Gasteizen, eta zaila izan da ez entzutea: traktoreen bozinen eta arran hotsen artean iritsi dira Eusko Jaurlaritzaren aurrera, akordio horren inguruko arbuioa eta kexa ugariak plazaratzeko.
Manifestarien haserrea nabaria zen giroan, eta manifestaziorako aukeraturiko leloak sektoreak duen ezinegon existentziala erakusten du: Bizi nahi dugu, ez biziraun. Kexarako dituzten arrazoiak ere ugariak dira, haien aburuz. Besteak beste, Solariak Arabako lurraldean eraiki nahi dituen parke fotovoltaikoak, Europako Batzordeak Nekazaritza Politika Bateratuari (NPB) egin nahi dizkion murrizketak, eta erakundeek dermatosi nodularrari emandako «erantzun epela» salatu dituzte.
UAGA Arabako nekazarien sindikatu nagusiak eta Trebiñu Araba Landaren Alde elkarteak (Ataca) deituta, traktoreen desfilea egin dute nekazariek eta abeltzainek Buesa Arenatik Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzara. Antolatzaileen arabera, berrehun bat traktorek gurutzatu dituzte Gasteizko kaleak, bozinak jo eta jo. Arriaga parkera iritsitakoan, oinezko manifestariak batu zaizkie traktoreei. 12:30 aldera iritsi dira traktoreak Jaurlaritzaren egoitzaren aurrera, aurretik 150 pertsona inguru zituztela. Agerraldi guztian zehar, traktoreen errenkadak ez du etenik izan: astiro baina etenik gabe, autobus geltoki atzetik agertuz joan dira makinak, banderak eta kartelak airean. Â
Mercosur eta Solaria
UAGAko Iker Agirrek eta Atacako Lucia Elortzak azaldu dutenez, nekazarien «lana defendatzeko» mobilizatu dira beste behin ere. Mercosurrekin EBk sinatu duen akordioa behin-behinean gelditu izana ospatu badute ere, Elortzak nabarmendu du haren aurkako mobilizazioei eustea beharrezkoa dela, «Europako Batzordeak akordioaren atal komertzialaren behin-behineko aplikazioa eska baitezake».
Ordezkariek azaldu dutenez, ez daude Mercosurreko herrialdeekin merkataritza egitearen aurka, baina, argudiatu dutenez, hori posible izateko, herrialde horietatik inportaturiko nekazaritzako produktuek hemengo elikagaien «kalitate eta segurtasun estandar berberak» bete beharko lituzkete.Â

Solariak Araban eraiki nahi dituen parke fotovoltaikoak ere salatu ditu Agirrek. Haren hitzetan, Arabako lurretan eraiki nahi den energia berriztagarrien azpiegitura «andanak» lurraldeko nekazaritzaren «lan tresna nagusian presio jasanezina» eragiten du, orain nekazaritzarako erabiltzen diren lurrak okupatuko baitituzte planta fotovoltaikoek. Hori dela eta, Solariak Araban duela gutxi iragarri zituen hemeretzi proiektuak gaitzetsi ditu, eta erakundeei eskatu die energia berriztagarrien lurralde antolaketako plana onartzeko, energiaren sektoreko enpresak «lurralde plangintza egiten eta desegiten» aritu ez daitezen.
NPBaren murrizketak eta dermatosi nodularra
Europako Batasunaren NPBari egin nahi dizkioten murrizketak ere izan dituzte hizpide gaurko mobilizazioan. Agirrek salatu duenez, EBko azken aurrekontu proposamenak nekazaritzarako laguntzak %18 murriztea ekarriko luke. Azaldu duenez, murrizketa horiek «eragin suntsitzailea» izango dute lehen sektorean eta hortik harago ere: «Milioika familiari ere eragingo diete, produktuen garestitzea ekarriko baitute».
Azkenik, abeltzaintzaren sektorean kalte handiak sortzen ari da dermatosi nodularra, eta erakundeek horri emandako erantzuna ere salatu dute UAGA eta Atacako ordezkariek. Haien hitzetan, Espainiako Nekazaritza Ministerioren erantzuna «epela» izan da, eta Araban abereen «txertaketa osoa» egin dadila eskatu dute, baita gaixotasunaren zabalkundea oztopatzeko mugen kontrol zorrotzagoa ere.
nafarroan, alderdiak jomugan
Nafarroako Erriberan ere protestak egin dituzte nekazariek EB-Mercosur itunaren aurka. Castejonen eta Ribaforadan errepideak moztu dituzte tarte batzuetan, Felix Bariain UAGNko idazkari nagusiaren hitzetan, «gizarteari eta klase politikoari esateko nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta landa eremuaren interesak defendatzen ari garela».
UAGNk eta Nafarroako EHNEk antolatu dute mobilizazioa, baina UCAN, Again eta Semilla y Belarra taldeen babesa ere jaso dute. Sektore osoaren batasuna goraipatu du Bariainek, eta gogor jo du Europako Parlamentuan EB-Mercosur itunaren alde botoa eman zutenen aurka: «Arazoa hain handia denean, salatu egin behar da PSOE, PP eta EAJ sektorea gutxiesten ari direla. [...] Herritarrek jakin egin behar dute».Â
Bihar Erriberatik Iruñera eramango dute protesta Nafarroako lehen sektoreko erakundeek, baina ez dira haiek bakarrik izango: Bilbon, Bizkaiko EHNEk eta ENBAk Kale Nagusia gurutzatuko dute 70 traktorerekin, San Mamesetik Arriagara. Gasteizen, Espainiako Gobernuaren egoitzara joango dira UAGN eta Ataca. Â
Â