Ur eskasiarengatik hornidura arazoak izaten ari dira uda honetan Arabako hainbat udalerritan. Asparreneko Udalak hainbat debeku ezarri zituen uztailean, uraren horniduran etenak egongo zirelakoan. Orain, berriz, Zuiako Udalak ezarri ditu debekuak uraren erabileran, egoera «kritikoa» dela eta. Soro eta lorategiak ureztatzea, igerileku pribatuak betetzea eta autoak garbitzea debekatu du udalak, ur kontsumoa murriztu nahian.
Udalerriaren hornidura eskasiaren atzean euri falta eta Baia errekaren maila baxua daude, udalak azaldu duenez. Horrek «egoera kritikoan» utzi du udalerriko ur hornidura, azaldu du Zuiako Udalak, eta horren ondorioz ezarri dira debekuak. Ez dira izango Zuiak pairatuko dituen ondorio bakarrak: gaurtik aurrera udal igerilekuak ere itxita egongo direla jakinarazi du udalak.
Egoeraren larritasunaren erakusgarri, udalak Arabako Foru Aldundiari eskatu dio alerta gorria aktibatzeko. Gainera, udalerrira ura zisterna kamioien bidez eramatea aztertzen ari dira, horrela eskasia apaltzeko.