Araban 300 hektarea erre dira aurten, suteei dagokienez inoiz izandako urterik «konplikatuenean»

Arabako foru suhiltzaileen zerbitzuaren arduradun Iñaki Gurtubaik azaldu du aurtengo udako eguraldiaren ondorioz areagotu egin direla suteak. Suteek Arabako mendien «parte garrantzitsuei» eragin diete.

Mendiko sute bat, artxiboko irudi batean. SXENICK / EFE
Mendiko sute bat, artxiboko irudi batean. SXENICK / EFE
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko abuztuaren 24a
11:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sute garaia ez da amaitu oraindik, eta jada 300 hektarea erre dira Araban. «Europako sute handiekin alderatuta gutxi irudi lezake, baina, Arabarako asko da», adierazi du Iñaki Gurtubai Arabako foru suhiltzaileen zerbitzuaren arduradunak Radio Vitorian. Udako balantzea egin du Gurtubaik, eta adierazi aurtengoa dela zerbitzuaren buru denetik izandako urterik «konplikatuena».

Garrak inoiz baino biziagoak izateko motiboa aurtengo eguraldia da, Gurtubaik azaldu duenez. «Oso euri gutxi egin du, eta bero handia. Horren ondorioz, sute gehiago piztu dira, eta pizturikoak itzaltzea zaildu», esan du Gurtubaik. Erretako hektarea kopuruak txikia badirudi ere, agintariak kezkatuta daude gorako joera ikusita; are, ez da alde batera uzteko moduko auzia, Arabako mendien «parte garrantzitsuei» eragin baitie suak, arduradunaren esanetan.

Itzaltzeko zailak diren suteak

Hain zuzen ere, mendiko suteak zailak dira itzaltzeko, sarritan ez baita modurik izaten piztu diren lekura joateko. Esate baterako, suhiltzaileek komeriak izan zituzten Zalduondon ekainean tximista batek piztu zuen sutea itzaltzeko, ez baitzegoen ez pistarik ez errepiderik sua piztu zen muinora heltzeko. Azken asteetan Aiaraldeko Lanteno kontzejuan piztutako sutean ere antzera gertatu zen: sutea handia ez izanagatik, suhiltzaileek egunak behar izan zituzten kontrolatzeko eta perimetroa jartzeko.

Eguraldi bero eta lehorrak, gainera, aurreko urteetan hain ohikoa ez zen fenomeno bat ekarri du: jada itzalitzat jotako zenbait sute berriro piztu dira, indar handiagoz piztu ere. Horixe bera gertatu zen Zalduondoko eta Lantenoko suteetan. Hasieran, itzalita zeudela uste izan zuten suhiltzaileek, baina aire lehor eta beroak berriro piztu zituen. Fenomeno hori dela eta, lan handiagoa eta zaintza handiagoa egin behar dute suhiltzaileek, eta, horren ondorioz, egun baliabide gehiago behar dira garai batean azkar itzaliko liratekeen sute txikiak kontrolatzeko eta berriro piztuko ez direla ziurtatzeko. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA