Azkenean, lortu dute sua kontrolpean hartzea, eta ez da kalte handirik izan. Suhiltzaileek gaur itzali dute ostegunean Aiarako Lanteno kontzejuan (Araba) piztu zen sutea, atzo sua kontrolatu eta perimetratzea lortu ostean. Joan den astelehenean piztu zen lehenengo aldiz sua, eta itzalitzat jo zuten, baina ostegunean, tenperatura altuak zirela medio, berriro piztu zen, eta geroztik hura itzali nahian aritu dira larrialdi zerbitzuak.
Hain zuzen ere, suhiltzaileen talde bat sutearen eremuan geratu da, garrak berriro piztuko balira ere. Eguraldiak zer-nolako bilakaera izango duen, horren zain daude larrialdi zerbitzuak, sua ez dela berriro sortuko ebatzi baino lehen.Â
Inguruko lau baserri hustu behar izan ziren sutea zela-eta, baina, oraingoz, itzalita dago, eta A-3634 errepidea ere ireki dute berriro, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak gaur goizean jakinarazi duenez. Aiarako Lanteno kontzejua eta Artziniegako Ureta auzoa (Araba) lotzen ditu errepide horrek.Â