Abisu horia aktibatu du Euskalmetek, sute arriskua dela eta, eta Arabako Foru Aldundiak kontu handiz ibiltzeko eskatu zuen atzo, abisu horrengatik. Bada, sute arrisku hori gaur goizaldean egikaritu da, tximista batek Zalduondon (Araba) jo eta sua piztu baitzuen. Goizaldeko hirurak aldera jazo zen ezbeharra.
Biztanlerik gabeko gune batean piztu da sutea, eta, hortaz, oraingoz ez dute inor ebakuatu behar izan, baina suhiltzaileek sutea itzaltzeko lanetan ari dira oraindik. Arabako suhiltzaileen zerbitzuak azaldu duenez, inguru menditsuan piztu da sutea. Lurralde malkartsua da, eta zaila da bertara iristea. Horrek zailtzen ditu sua itzaltzeko lanak.
Ikusi gehiago
Aurreko larunbatean ere izan ziren inguru hartan suhiltzaileak, orduko hartan ere oinaztu batek sua piztu zuelako. Egunean bertan lortu zuten orduko sutea itzaltzea, baina gaurkoa itzaltzeko zailtasun handiagoak dituzte, bistan denez. Aguraingo eta Iruña Okako suhiltzaileak bertaratu dira, eta helikoptero bat ari da itzaltze lanetan laguntzen.
Mendabiako sutea, kontrolpean
Nafarroan ere piztu da sute bat goizaldean, Mendabian, Errioxarekiko mugan. Sutea landaretza gune batean sortu zen, NA-134 errepidearen ondoan, gauerdi aldera. Goizaldeko hirurak aldera, ordea, kontrolaturik zegoen jada sutea, Nafarroako suhiltzaileek jakinarazi dutenez.
Suteak ez du kalte pertsonalik eragin. Suhiltzaileak oraindik sutearen eremuan dira, lurra freskatzeko lanetan, sutea berriro pitz ez dadin. Nafarroako suhiltzaileek Errioxako lankideen laguntza jaso dute sutea itzaltzeko.