Bertan behera utzi dute Araban eraikitzekoak ziren parke eoliko bat

Ekologistek iragarri dute enpresa bultzatzaileak bertan behera utzi duela Cluster Vitoria 30kV parkea, ingurumen inpaktuari buruzko txostena kontrakoa delako.

Haize errota edo aerosorgailuak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Haize errota edo aerosorgailuak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urtarrilaren 29a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Savanna Power Solar 14 enpresak 2024an jarri zituen martxan Arabako lurraldean parke eolikoak eraikitzeko bi proiektu. Horietako bat, Cluster Vitoria 30kV izenekoa, bertan behera geratu dela jakinarazi du gaur Arabako Mendiak Aske elkarte ekologistak. Enpresa bultzatzaileak berak iragarri dio Eusko Jaurlaritzari proiektua bertan behera utziko duela, baina, elkarte ekologistaren esanetan, atzera egite horren arrazoia zera da: proiektuaren ingurumen inpaktuari buruzko txostena kontrakoa dela.

Orain bertan behera geratu den Cluster Vitoria 30kV proiektuan 112 metroko sei aerosorgailu jartzea aurreikusten zuten, Arabako Dulantzi, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Barrundia, Burgelu, Arratzua-Ubarrundia eta Gasteizko udal mugarteetan. 37 milioi euroko aurrekontua zuten proiekturako, eta hasieratik eskualdeko erakunde ekologisten eta tokiko biztanleen arbuioa jaso zuen, ingurumenean eta lehen sektorearen bizimoduan izango zuen inpaktua dela eta.

Arabako Mendiak Aske elkarteak parke eolikoaren aurkako alegazioak aurkezteko kanpaina bultzatu zuen, eta gaur begi onez  ikusi dute bertan behera geratu izana. Hala ere, gogorarazi dute energia berriztagarrien beste ehun proiektu daudela abian oraindik, eta horiek ere «mehatxua» direla lurralderako. Hortaz, antzeko proiektuen aurka borrokan jarraituko dutela iragarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.